Mundua
Ume-trafikoa
Formalki bahiketa leporatu diete Haitin atxilotutako misiolariei
Erredakzioa
Euren ustez umezurtz geratu ziren 33 ume zeramaten autobus batean Dominikar Errepublika zeharkatzen saiatzean atxilotu zituzten hamar misiolari estatubatuarrak.
Umeak bahitzea eta erakunde kriminal baten kide izatea formalki leporatu diete Haitin atxilotutako hamar misiolari estatubatuarrei, adierazi du Jean Ferge Joseph Estatuko fiskal ordeak.
Karguak jakinarazi ostean, euren kasua epaile baten esku jarriko dutela esan die Fergek auziperatuei, eta epaile horrek erabakiko du misiolariak aske utzi edo kartzelan mantendu. "Epaileak askatu ditzake edo atxilotuak ondorengo prozeduretan parte hartu arte kartzelan jarraitzea erabaki dezake", adierazi du fiskal ordeak.
Euren ustez umezurtz geratu ziren 33 ume zeramaten autobus batean Dominikar Errepublika zeharkatzen saiatzean atxilotu zituzten hamar misiolari estatubatuarrak.
Haitiko autoritateek adierazi dutenez, atxilotuek ezin izan zuten frogatu umeak umezurtzak zirenik ezta Haititik adingabeak ateratzeko baimenik zuten. Hori dela eta, litekeena da talderi bahiketa leporatzea.
Ume-trafikoarekin zerikusia duen ekintzarik egiten ari zirela ezeztatu dute atxilotuek eta lurrikararen ostean umezurtz geratu ziren hainbat umeei laguntza eskaintzen ari zirela esan dute.
Halaber, misiolariek umeentzako paperik ez zutela aitortu dute.