Itxi

Politika

Elkarrizketa Radio Euskadin

Mugicak uste du "pistolak dituztenek" egin behar dutela "gogoeta"

Erredakzioa

Espainiako Herriaren Defendatzaileak esan du inork ez duela ezker abertzalearen barne-eztabaidan sinesten, EA dela salbuespena, "azkenaldian desbideratu xamar dabil" eta.

Enrique Mugica Espainiako Herriaren Defendatzaileak esan du orain gogoeta egin behar dutenak ETAko "pistoladunak, pistolak eta metrailetak dituztenak" direla. Gainera, azpimarratu du inork ez duela ezker abertzalearen barne-eztabaidan sinesten, EA dela salbuespena, "azkenaldian desbideratu xamar dabil" eta.

Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean Mugicak adierazi duenez, ez da "onargarria" ezker abertzalearen baitako gogoeta prozesu batetaz hitz egitea, izan ere, "jende horrek ez du gogoetarik egiten", eta gaineratu du egin behar dutenak "pistoladunak, pistolak eta metrailetak dituztenak" direla.

"Ez dago ezer berririk. ETA sortu zenetik, hiltzen, bahitzen eta mehatxatzen jarraitzen du. Beraz, zeri buruz egin behar dute gogoeta?", esan du Herriaren Defendatzaileak.

Horren harira, demokratek "askatasunaren gogoeta" dutela uste du Mugicak, eta horregatik "ez da haiekin hitz egin behar, elkarrizketak amaitu dira, eta beharrezkoa da Estatuko Segurtasun Indarren, Ertzaintzaren, epaileen eta nazioarteko lankidetzaren errepresioa".

Ezker abertzalearen barne gogoetak "sinesgarritasunik ez" duela azaldu ostean, honakoa adierazi du: "Salbuespena errekruta berriak bilatzen ari den talderen batena da, legala dena, beti paper interesgarria jokatu duena, baina azkenaldian desbideratu xamar dabilena", EAri erreferentzia eginez.

Hala ere, argi adierazi nahi izan du Eusko Alkartasunaren baitan iritzi desberdinak daudela, eta azpimarratu duenez, "horrexegatik, banaketa handi bat izan zen EAn alderdiak bazkide gehien zituen lurralde historikoan (Gipuzkoan)".

Anaiaren hilketa

Mugicaren arabera, Fernando Mugica anaiaren hilketak bihar 14 urte beteko dituela eta, gaur egun ere hil zutenean halako "esanahia" du hilketak: "Terrorismoak ezin du aurrera jarraitu, ETA desagertzeko beharra dago, akordiorik eta negoziaziorik gabe, zeren hiltzaileekin ez da itunik lotu behar". Hori dela eta, "talde terroristaren suntsipena eta kideen kartzelatzea" aldarrikatu du.

Enrique Mugicarentzat "momentu historikoa" bizi du euskal gizarteak Jaurlaritza berriarekin. "Eusko Jaurlaritza berriaren aurrean, nire anaiaren hilketaren testigantzak indar handiagoa du", gaineratu du.