Itxi

Mundua

Sarraskia

27 pertsona hil eta 75 zauritu dituzte bi atentatutan, Iraken

Erredakzioa

Bonba-autoen leherketa errepide ertzean izan da, milaka erromes xii Kerbalara bidean zihoazenean.

Gutxienez 27 pertsona hil eta 75 zauritu dituzte gaur bi bonba-auto lehertuta Irakeko Babel probintziara daraman errepide ertzean, Bagdad hegoaldean, polizia-iturriek jakitera eman dutenez.

Aipatu iturrien arabera, bonba-autoen leherketa errepide ertzean izan da, milaka erromes xii Kerbalara bidean zihoazenean, "Arbain" ospakizunaren baitan.

Husein imanaren, xiismoaren patroiaren, heriotzaren omenezko 40 eguneko doluari amaiera emateko erromesaldia egiten ari ziren.

Zaurituetako asko larri daude, beraz, hildakoak gehiago izan daitezkeela ohartarazi dute.

Qantara al Salam xiitentzat santua den hiriaren kanpoaldean izan da atentatua, Husein imanaren mausoleoa dagoen lekutik gertu.

60 erromes baino gehiago hil dira

Astebetean, 60tik gora dira zenbait atentatutan hil diren erromesak Kerbalara bidean.

Otsailaren 1ekoa izan zen gogorrena, izan ere, orduan 41 pertsona hil ziren eta 106 inguru zauritu zituzten Bagdad iparraldean erromes talde baten kontra egindako atentatu batean.