Athletic Club
Igandean, San Mamesen
Orbaiz (Athletic-Xerez): "Jokoan dauden puntuak aldea egingo dute"
Haritz Gallastegi
Lezama
Erdilari zuri-gorriarentzat neurketa "erabakigarria" da; Yeste ez da osatu eta baja izango da, baina Llorente prest dago parte hartzeko.
"Neurketa erabakigarria izango da. Bigarren itzuliaren hasieran gaude. Gainera, azken neurketa biak galdu egin ditugu eta horrek min eman digu. Igandean jokoan dauden puntuak aldea egiteko balio dezakete". Pablo Orbaizek argi ditu gauzak. Xerezen kontrako neurketa mugarra izango da zuri-gorrientzat. Zirt edo zart egiteko mementoa ailegatu dela, alegia.
Athleticek Europarako txartela eskuratzea dute helburu. Baina, jakin badakite horretarako lan ona egin beharko dutela sasoi guztian zehar. BBVA Ligak maila ona dauka eta aurkari guztiak dira gogorrak. Baita azken sailkatua ere. Horregatik, ez dute uste Xerez mendean hartzea samurra izango denik. "Xerez ez da sasoi hasierako taldea. Neurria hartu dio mailari eta denboraldia bukatu bitartean ezusteko bat baino gehiago eman behar du", esan du erdilari beteranoak.
Hala ere, onenen artean egon gura duenak derrigorrez hartu behar du mendean mailari eusteko zailtasunak dituen taldea. San Josek ez dauka dudarik. "Gora begiratu gura badugu irabazi egin behar ditugu etxeko partidak".
Bestalde, lan saioari dagokionez, espero zen legez Yeste ez da igandeko partida jokatzeko prest egongo. Gaur ere ez da taldearekin entrenatu. Llorentek, berriz, ez du arazorik izan entrenamendua osatzeko. Ahaztu du gastroenteritisa.