Teknologia
Elkarrizketa eitb.com-en
Escolar: "Blogek erabiltzailearekiko komunikazioa errazten dute"
Amaia Akordagoitia
Ignacio Escolar kazetaria, blogaria eta musikaria da. Gaur egun Publico egunkariko zutabegilea, Estrella Digitaleko kolaboratzilea eta EITB, Tele 5, VEO 7 eta TVEko hainbat programetako solaskidea da.
2003an hasi zenuen zure bloga eta 7 urte beranduago arrakastatsua izaten jarraitzen du. Zein da gakoa?
Ordura arte, nire esperientzia profesionala teknologia berrien eta Interneten ingurukoa zen eta gai horiei buruz hitz egiten hasi nintzen. Hala ere, bloga garatzen joan zen eta azkenean gustuko ditudan gaiei buruz idazten dudan leku bat bilakatu da. Hasi nintzenean blogak erreminta berriak ziren eta denek erreminta horiei buruz idazten zuten. Niri aspergarria iruditzen zitzaidan eta betiko kazetaritzaren teknikak aprobetxatuz blog batean idaztea aukeratu nuen. Ez da blog pertsonal bat, informatiboa baizik. Azkenean, nire zaletasuna zena, politika, nire lanbidea bilakatu da eta escolar.net Espainiako blogik irakurriena bilakatu da.
Zerk bereizten ditu blogak beste teknologia erremintetatik?
Batik bat demokratizazioak. Internet iritsi zenean hesi ekonomikoa hautsi zen, baina ez teknologikoa. Interneten lehen urteetan, erreminta oso konplexuak erabili behar ziren. Hala ere, blogek bi hesiak apurtu zituzten, izan ere, eduki bat igotzea ez da email bat bidaltzea baino zailagoa. Industriak denon eskura jarri du. Gainera, erabiltzailearekiko komunikazioa ahalbidetzen dute, irakurleak momentuan bertan erantzuteko aukera baitu. Horrez gain, gogoan izan behar duzu, talde bezala zuk baino gehiago dakitela eta, horregatik, zure buruarekin zorrotzagoa bihurtzen zara eta hobetzeko laguntzen dizu.
Sare sozialak geroz eta ezagunagoak dira. Zergatik dugu atsegin jende aurrean agertzea?
Lehenik eta behin animalietatik bereizten gaituena komunikazio gaitasuna delako eta hori da, hain zuzen ere, sare sozialek eskaintzen digutena, erreminta berri hauen bitartez ikasketa soziala egitea. Nire ustez, orokorrean, erabilera egokia egiten da, besteak beste, Tuenti sareko erabiltzaileen % 90ak profil itxia du. Sare sozialak informazioa aspaldi ikusten ez zenituen lagunak berreskuratzearen truk egiteko tratuak dira. Nire iritziz, ohartarazi behar dugu, baina sare sozialak deabrutzea ez zait egokia iruditzen.
Jabetza intelektualaren eztabaida ireki da. Sarean egin zen manifestuaren sustatzaileetako bat izan zinen. Zein unetan gaude?
Zain gaude. Gaia geldirik dagoela dirudi, baina bost hilabete ditugu aurretik. Oraindik ez dakigu legea nola geldituko den. Herritarren partehartze prozesu bat izan da eta manifestua sustatu eta Kultura ministroarekin bildu ostean, bilera pribatuak egin ditugu gure ustez legea gaizki egina dagoela adierazteko.
Egileek ere sinetsiko al dute Internetek sormen musikala suntsituko ez duela?
Gaizki azaldutako errealitate bat da. Hamabost urte daramatza Internetek martxan eta harrezkero, disko gehiago sortu dituzte eta etekinek gora egin dute. Sormen musikalaren indarra handiagoa da. Tarta banatzeko era izan da aldatu dena. Internet jaio aurretik, diskoek ematen zituzten mozkinak eta orain, aldiz, kontzertuek ematen dute diru gehiago. Diskoetxeak irten dira galtzaile, baina musikaren industria gero eta handiagoa da, izan ere, Autore eta Argitaratzaileen Elkarte Nagusiak bere etekinak bikoiztu ditu. Zinemagintzaren kasua ezberdina da, kaltea larria izan bada ere, industriak bere prozesuak 3D bezalako tekniketara moldatu ditu.
Zein izan daiteke irtenbidea?
Konponbidea Internet ixtea ala estatu polizialean bilakatzea baldin bada, etekinak Interneti uko egitea baino txikiagoak direla uste dut. Spotifyren tankerako sistema merkeekin pirateriari aurre egin ahal zaiola deritzot. Irtenbide horiek aurkitzen ez badituzte,teknologia garapen kulturari egokitzeko gai ez den seinale da.