Reala
Adelante Liga
Murtzia-Reala: Otsoen hila
Ander Altuna
Zubieta
Neurketa bakarra jokatuko du tarte horretan etxean, Nasticen kontra. Realak etxetik kanpo erakutsiteko sendotasuna ezbaian jarri nahiko dute Murtziak, Gironak eta Huescak euren jokalekuetan.
Otsaileko lehenbiziko neurketa jokatuko du bihar Realak la Condomina Berrian (18:00 ETB 1en). Anoetatik hurrun puntuak urratzeko hilabetea izango da. Izan ere, Tarragonako Nastic-en bisitaren ostean, etxetik kanpo puntu gehien batu duen taldea da, Gironan eta Huescan arituko baita segidan. Exigentzia handiko partidak dira. Kontrarioak jazarpen lanean buru-belarria daude eta txuri-urdinek ahulezia zantzuak erakusten badituzte hazi egin daitezke. Horrelakorik gerta ez dadin, orain arteko "intentsitatea eta gosea" mantentzearen garrantzia nabarmendu zuen atzo Lasartek. Realaren zenbakiak etxetik at ez dira makalak: 16 puntu bildu ditu denera, Nastic-ek baino ez du gainditzen, eta bost norgehiagoka daramatza galdu gabe.
Sendotasun horri eusteko gai bada, ez da esku hutsik aterako aipaturiko lehia korapilatsu horietatik eta horrek konfiantza geruza indartzea ekarriko lieke azken txanpari ekiteko. Baliteke atzetik datozenek aldea zertxobait jatea, baina haiek ez dute huts egiteko margenik. Txuri-urdinek bai ordea, eta horregatik ezin daiteke dardarka jarri ez eta antsietatez jokatu. Orain arte egindakoak hori guztia sahiesteko balio behar dio.
Aldaketak Murtzian?
Astearteko saioan ustezko hamaikakoarekin egin zuen aproba Zubietan entrenatzaile uruguaitarrak eta horri eusten badio aldaketak egingo ditu. Bravok Zubikarairen tokia hartuko du atepean. De la Bellak bestalde, Labaka ordezkatu dezake atzeko lerroan eta zelai erdian berriz, Zurutuza eta Markel aritu daitezke Rivasen eta Elustondoren partez.