Itxi

Gizartea

Mugarik Gabeko Kazetariak

Atxilotutako 'blogariak' % 155 hazi dira iragan urtean

Erredakzioa

2009. urtean zehar 151 ziber kazetari atxilotu egin dituzte, 33 bahitu eta 76 kazetari hil egin dituzte, aurreko urtean baino % 26 gehiago.

Mugarik Gabeko Kazetarien elkarteak Urteroko Prentsa Askatasunaren txostena aurkeztu du. 2009ko datuen arabera, interneteko zentsura handitu egin dela ohartarazi dute, 151 ziber-kazetari edo ''blogari'' atxilotu dituztela, % 155 gehiago, 2008ko datuekin parekatuta.

Txosteneko datuek diotenez, 2009. urtean, 76 kazetari hil egin zituzten (aurreko urtean baino % 26 gehiago), 33 bahitu zituzten eta 157 atzerriratu zituzten.

Mamen Gurrutxaga Mugarik Gabeko Kazetarien zuzendaritzako kideak tresna elektronikoetako adierazpen askatasunaren arazoa "oraingo kezkarik nagusienetarikoa da".

Elkartearen arabera, datu "izugarrienak" dituen herrialdea Txina da, "munduko sareko zentsurarik gogorrena duena". Herrialde horri Iran, Tailandia, Tunez, Saudi Arabia, Vietnam eta Uzbekistan jarraitzen diote.

2010 urtea hasi zenetik, Mexikon, dagoeneko, hiru kazetari hil dituztela adierazi du Gurrutxagak.

Mugarik Gabeko Kazetarien elkarteak gehien azpimarratu duen datuetako bat Europako herrialde demokratikoetan edo AEBetan sareko zentsurak izan duen hazkundea da. Herrialde horietan, "pedofilia kontrolatzeko aitzakiarekin zentsura jarrerak ezartzen hasi dira".

Mugarik Gabeko Kazetariak mobilizazio bat egingo dute datorren martxoaren 12an sarearen bidez, internet-ren etsaien kontra.