Itxi

Mundua

Zisjordania

Israelgo Armadak ekintzaile kataluniar bat atxilotu du Ramalan

Erredakzioa

Ikasle australiar bat ere atzeman egin dute berekin batera eta Ofer-ko kartzela militarrera eraman dituzte. Bisa agortuta zutela Zisjordaniako eremuan legez kanpo egotea leporatu diete.

Israelgo Armadak Palestinaren aldeko ekintzaile kataluniar bat eta ikasle australiar bat atxilotu egin ditu bisa agortuta zutela Zisjordanian egoteagatik.

Gertakaria igande gauean izan da, hamar bat soldadu Ariadna Jove Marti kazetari katalana eta ikasle australiarra bizi diren etxera sartu eta pasaporteak eskatu dizkiotenean, Ramalan. Atxilotu ostea, Ofer-ko kartzela militarrera eraman dituzte.

Kamera batzuk, ordenagailu bat, Palestinaren aldeko pankartak eta Nazioarteko Elkartasun Mugimenduan izena emateko txosten formulario batzuk ere eraman dituzte.

Nazioarteko Elkartasun Mugimenduaren arabera, operazio horrek Osloko akordioak apurtu ditu. Ustez, Israelgo Armada ezin da Palestinako eremu batzuetan sartu, Ramala haien artean.

Militarren bozeramale batek aktibista horiek lurralde palestinarrean legez kanpo zeudela adierazi du, Gobernuak baimendu gabeko protestetan parte hartu zutela gehituz.

Iragan urtarrilean, beste aktibista txekiar bat lurraldetik kanporatu egin zuten atzeko kasu batean. Kazetari katalanari gertatutakoaren lekuko izan den aktibista estatubatuar batek dionenez, "eraso hori okupazioaren kontrako mugimenduarekin amaitzeko Israelen beste saiakera bat da. Nazioarteko Komunitateari informazioa murrizteko egiten dute".