Politika
Goi-bilera Donostian
Lehendakariak Euskadi berritzailea defendatu du EBko goi-bileran
Erredakzioa
Lehendakariak aldarrikatu du Euskadi ezagutzea merezi duela, "ETAren kronika beltza" alde batera utzita.
Patxi Lopez lehendakariak "duela urte asko jarraitzen gaituen ETAren kronika beltzarekin" erlazionatutako albisteak alde batera utzita, "ezagutu behar den beste Euskadi hori" defendatu du, Donostian egiten ari diren ministro europarren Lehiakortasunaren Goi-bileraren afari ofizialean.
Lehendakariaren arabera, "benetako Euskadi da hori, gizarte berritzaile batekin, goi-mailako enpresa eta unibertsitateekin, eta munduan gure aurkezpen gutun onenak diren ikerketa eta teknologia zentroekin".
Ministroei ongietorria eman ostean, Donostiak 2016. urtean Kulturaren Europako hiriburua izateko asmoa duela gogorarazi du lehendakariak.
Lopezek gainbegiratua eman dio goi-bilera honetako agendari, eta Europako Ikerketa Eremua, auto elektrikoa eta zientzia eta berrikuntza eztabaidatuko dituzte datorren asteartean ekitaldiak amaitu arte.
Hitzaldian, Lopezek euskal sukaldaritza jarri du berrikuntza eta tradizioaren eredu. Bere ustez, "euskal sukaldariek gizartea garatzeko jarraitu behar dugun bidea esan baitigute: gure sustraietatik hasi, gure iraganetik ikasi, gure produktuak zaindu eta konponbide berrien bila esperimentatuz".