Gizartea
Hilketa
Elkarretaratzea egin dute auzotarrek Barakaldoko Herriko Plazan
Erredakzioa
Barakaldoko Udalak "hilketa miserablea" gaitzetsi du eta epaiketan herri akusazio moduan parte hartuko duela jakinarazi.
Auzokide baten "hilketa ziztrina" gaitzetsi du komunikatu batean Barakaldoko Udalak eta kontzentrazioa egin du Herriko Plazan, arratsaldeko 19:00etan. Ia 200 pertsonak hartu dute parte elkarretaratzean.
15 minutuko protesta izan da. Parte-hartzaileek protesta isila egin dute "Ez emakumeen aurkako indarkeriari" lelopeko pankarta baten atzean.
Bertan bildu direnen artean, Tontxu Rodriguez Barakaldoko alkatea, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburua eta bozeramailea eta Maria Silvestre Emakundeko zuzendaria izan dira.
Udalbatzak herri akusazio moduan parte hartuko du epaiketan, agintarien esanetan, eurak izan behar dutelako "indarkeriaren aurrean tolerantziarik eza erakusten lehenak".
Horren harian, neurri "irmoagoak eta eraginkorragoak" sustatu behar direla gaineratu du Udalak eta, aldi berean, "erakundeek kontzientziazio eta prebentzio lana areagotu" behar dutela azpimarratu du.
Arin atxilotu dute
SOS Deiak 112 larrialdi zerbitzuak dei bat jaso du 00:10ean, etxebizitza batean liskar bat zegoela eta emakume bat hilik egon zitekeela jakinarazteko.
Ertzaintza eta anbulantzia medikalizatu bat bertaratu dira, baina emakumezkoa (65 urtekoa) hilik zegoen ordurako..
Lehen ikerketen arabera, haren semeak sastatuta hil da. Horrenbestez, agenteak haren bila abiatu dira eta handik gertu atxilotu dute, minutu batzuk geroago.
Lekukoen esanetan, erasotzaileak "hiruzpalau sastada" eman dizkio biktimari bizkarrean, eta ondoren, "lasai-lasai" alde egin omen du etxetik. Dena den, handik gertu harrapatu dute geroxeago.