Musika
EKE
Bedaxagar: "Etxahun-Irurik erakutsi dauku hegoaldera joaiten"
EKE
Erredakzioa
Jean-Mixel Bedaxagar kantari zuberotarrak (Urdiñarbe, 1953) maisu izan duen Etxahun-Iruri famatuaren omenaldian parte hartuko du Donostian Koldo Mitxelena kulturunean, 2010eko martxoaren 3an.
Haurrean Urdiñarbeko plazan bere lehen maskaradak ikusi zituenean, xirularen hotsa muinean barna sartu zitzaion Jean-Mixel Bedaxagar-i. Geroago, Etxahun-Iruri eta Copain maisuekin ikasi ondoan, bai eta ere ttun-ttuna jotzen, hasi zen maskaradetan eta festetan ibiltzen. Eskaini digun elkarrizketan, bere musikari ibilbideaz ari zauku eta Etxahun-Iruri ospetsuaz oroitzen. Xehetasun gehiago (soinua, argazkia, loturak...) : www.eitb.eke.org
Lehen xirula
Jean-Mixel Bedaxagar: Betidanik, izigarriko afizioa ukan dut txülülarendako. Lehen maskaradak ikusi nitüzün laupazortzi urtetan, sohütarrak ziren eta lehen aldiko entzun nuen txülüla Urdiñarbeko plazan. Musika tresna horrek zoratu ninduen. Ene aitatxiri erran niolarik nahi nuela ikasi, erantzun zautan: "Nik ere entseiatu diat, baina ez naiz behin ere arribatu txülülatzerat!".
Urteak joan eta, ene lagun batek baitzakien ene gogo berri, behin erraiten daut: «Badiat langile lagun bat Maulen eta haren anaia txülüla egile dük, nahi düka bat? ». Hara nola ene lehen soldatarekin erosi nuen ene lehen txülüla.
Ametsa gauzatu
Ez zen irratirik gure etxean, ez magnetofonarik, ez telebistarik. Maskaradak jiten zirelarik, entzuten nituen txülüla eta atabala, ederrak atzemaiten nituen eta gogoan nuen berdin jotzea.
Ene ametsa gauzatu da zeren garai heietako soinulari guziak biziki ontsa ezagutu ditut nahiz eta 40 bat urte liferentzi ukan: Etxahun-Iruri, Copain, Garat Arhane atabalaria, Ttambour, Hegobürü, hauek ziren famatuenak eta erretiratuen artean, Etxahun-Liginaga, Agerret Maulekoa.
Bi maisu
Hasi nintzen beraz txülülatzen, deneei belarriak hausten. Ikasi nuen gehienik autoa erabiltzean, "bitezia bat sakatzen nuen eta txülülatzen!".&' || 'nbsp; Gero Etxahun-Irurirekin hasi nintzen, lehen aldiko ezagutu nuen Mendikotan, Copain-ekin ere bai, hau ene aitaren txülülaria zen, aita dantzaria baitzen. Bi horien artean, ikasi nuen, tresna ainitz landuz. Oroit naiz, aldi batez, goizeko bietan ari nintzela jotzen, amak galdegin zautan zer ari nintzen, ez nintzen konturatzen ere zer tenore zen.
Ttun-ttuna
Tresna hori ikusten nuen beti argazkietan eta nahi nuen jotzen ikasi. Hemen ez zen nehore jotzen zakienik, bakar bat baizik, Iñaki Urtizberea Biarritzen, eta ere gutaz hurbilagoak zirenak Ossau ibarrean. Billère d''Ossau herrian, Jean Passimour ezagutu nuen, ttun-ttuna afinatu zautan eta pixka bat erakutsi. 20 urte inguru nituen.
Maskaradetan hasi nintzelarik txülülatzen, jadanik ttun-ttuna jotzen nuen. Azken ttun-ttun joilea Zuberoan, Simon Patalagoity zen, 1958an zendua. Ez dut ezagutu maleruski. Zuberoako berezitasuna da Pirineoetako beste ibarretan ere aurkitzen dena, Aragoian, Ossau-n, Paue inguruan ere.&' || 'nbsp; Gazkoiniako tanbolina deitzen da eta XVI. mendeaz geroztik hedatua da Europan, Italian. Ikusi dut Espainian ere, nunahi, elizetan aingeruak ttun-ttun joileak. Biziki hedatua izan da garai batean.
Xirula eta ttun-ttun joile
Badira beste musikari batzu bi tresna horiek jotzen dutenak, horietan ezagunenak aipatzeko Mixel Etxekopar, Jean-Charles Sanz. Gazte ainitz ere badira, batez ere Barkoxen gaindi.
Etxahun-Iruri
Izigarriko atxikimendu handia dut Etxahun-Irurirentzat. Gizon maitagarria zen, gazteak maite zituen eta guk ere maite ginuen.
Etxahun-Irurik iniziatu gaitu gauza ainitzetan, ederrenetako bat, hegoaldera joaiten. Lehenik joan gira berarekin, gazte ginen. Hegoaldean denek ezagutzen zuten, ospe handia zuen. 70 bat urte bazituen nik ezagutu dutelarik.
Behin, elgarrekin ginen, Donibane Lohizunen Dantzari Egun batean eta bazkarian, 40 txistulariek sorpresa eta ohore egin zioten « Agur Xiberoa » emanez. Izigarri hunkigarria izan zen. Ainitz erakutsi dauku, ez zen sekulan kexatzen. Beraren ganik ikasi dut kantua eta musika. Musikan ez dut deusik ezagutzen, belarriz eta intuizioz ari naiz.
Mendian, oihanean ala dantzariekin
Zonbait aldiz, kantuz ari nintzelarik, ene burua mendian dut, Ahüzki aldean edo. Txülülatzen ari nintzelarik ere, zonbeit melodietan oihan batetan nauzu eta bestetan, plaza batean dantzarien aitzinean. Ez da batere berdin. Zuberoako dantzak txülülatzen dituztalarik, dantzariekin naiz, nahiz aitzinean ez ukan. Jean-Mixel Bedaxagar zuberotarraren kantari eta musikari talendu zoragarriak bilduak dira Auñamendi (Elkar), bere azken diskoan.