Ekonomia
Espainian
10 milioi ibilgailu elektriko hartu ditzake sistema elektrikoak
Erredakzioa
Ignacio Galan Iberdrolako presidentearen esanetan, autoak gauez eta astiro kargatu beharko dituzte. Industria ministroaren ustez, "gaur jaio da Europako ibilgailu elektrikoa".
10 milioi ibilgailu elektriko hartu ditzake Espainiako sistema elektrikoak, beti ere gauez eta astiro kargatzen badira, Ignacio Galan Iberdrolako presidentearen esanetan. Hori bai, proiektu honetan zenbat eta parte-hartzaile gehiago egon "produktua garestiagoa" izango dela ohartarazi du.
Bere ustez, ibilgailu elektrikoak Europar Batasuneko energia-politikan "berebiziko papera" jokatuko du etorkizunean, 2010. urtera begira Europako Batzordeak ezarritako helburuak lortzeko lagungarria izan daitekeelako.
Bere ustez, teknologia honen inguruan "aurrera pausu ugari" eman dira, baina "bide asko gelditzen zaigu. Bateriak eta kargak egiteko puntuak aipatu ditu, besteak beste.
Galanek garaje pribatuetan jarriko lituzke aurreneko karga puntuak, "segurtasuna eskaintzen dituelako". Aurrerago, hornitegietan ipiniko lituzte, "karga arinagoak, baina garestiagoak, egiteko".
Bestalde, Miguel Sebastian Industriako ministroaren ustez, "gaur jaio da Europako ibilgailu elektrikoa", eta "Espainiaren presidentzia bitartean eman da jaiotza".
Europarentzat onuragarria izango dela nabarmendu du Sebastienek: "ona izango da hiritarren sakelentzat, Europako herrialdeetako enplegu eta errententzat eta Europarentzat eta planetarentzat bere osotasunean".
Europar Batasuneko Zientzia eta Industria ministroen bilerak ibilgailu elektrikoa-ren etorkizuna hartu du gaur hizpide Donostiako Goi-bileran, goizeko 9:20etatik aurrera, Kursaal Jauregian. Gaurko bileran Belgikako, Frantziako, Holandako, Hungariako, Italiako, Lituaniako Erresuma Batuko eta Espainiako ministroek parte hartu dute.
Bere aldetik, Patxi Lopez lehendakariak atzo adierazi zuen ibilgailu elektrikoa ez dela "enpresen proiektu bat", "herri eredu bat" baizik.
"Ibilgailu elektrikoa garatzeko apustua egin dugu, automobilgintzan modu eraginkorrean parte hartu duen enpresa egitura oinarri hartuta", gaineratu zuen.
Ibilgailu elektrikoaren hedapenak sektorean aitzindari bihur lezake Euskadi, hainbat akordio baititu jada auto horiek sustatzeko.
Hori horrela, Mercedes konpainiak furgoneta elektrikoak ekoitziko ditu Gasteizko lantegian aurtengo azken hiruhilekotik aurrera, 15 milioi euroko inbertsioa egin eta gero.
Halaber, 2011 urterako EAEk auto elektrikoak kargatzeko estazio sare "aitzindaria" izango du.
''Donostiako Adierazpena''
Donostiako Goi-bilera gaur arratsaldean amaituko dute. Atzo, Europako ministroek "Donostiako Adierazpena" adostu zuten, zientziak krisialdian izan behar duen papera aldarrikatzeko.
Baliteke txostena Ministroen Kontseilu batean onartzea.