Itxi

Athletic Club

Igandean Xerez gainditu zuten

Amorebieta (Athletic): "Emaitza onak eskuratzea da garrantzitsuena"

Haritz Gallastegi

Lezama

"Markagailuari buelta emateak sinesgarritasuna eman digu", esan du erdiko-atzelari bizkaitarrak

Athleticek garaipen premia zuen. Kostata, baina txapelketako azkena mendean hartzea lortu zuen. Jokoa ez zen ona izan eta horrek zalantza sortzen jarraitzen du, baina, era berean, jakinekoa da ez dela samurra Espainiako Ligan garaipena eskuratzea. "Guk ere badakigu askoz hobeto jokatzeko gai garela", esan du David Lopezek.

Hala ere, taldeak erakutsitako erreakziorako gaitasunak indarra eman die zuri-gorriei. Lehen aldiz sasoia hasi zenetik kontrako markagailuari buelta ematea lortu zuen Athleticek. "Horrelako gauzak morala ematen dute", adierazi du erdilari errioxarrak. Amorebieta, berriz, are eta argiagoa izan da. Neurketari buelta emateak sinesgarritasuna eman dio taldeari", azpimarratu du atzelariak.

Bestalde, Caparrosen begiko jokalarietako batek argi dauka jokoa ez dela garrantzitsuena. "Nik garaipena lortzea daukat buruan. Hori da garrantzitsuena". Lopezek, berriz, Lasaitasuna eskatu die Europarako txartela eskatzen dutenei. "Pausuz-pausu joan behar gara. Bestela erotzeko arriskua daukagu eta gero ezustekoak etortzen dira".
Lan saioari dagokionez, Danimarkatik etorritako 60 teknikariren begiradapean entrenatu da Caparrosen taldea. Talde zuri-gorriaren metodologia ezagutzera etorri dira. Yestek eta De Zeriok ez dute lan saioan parte hartu.