Gizartea
Jazoera
Emakume eta taxilari bati lapurtzeagatik atxilotua
Erredakzioa
34 urteko gizonak aizto batekin mehatxatu zituen. Iragan urtarrilaren 29an eta otsailaren 5ean izan ziren lapurretak.
Ertzaintzak 34 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo Bilbon, ustez birritan Etxebarrin (Bizkaia) lapurreta egitea egotzita. Aizto batekin eskuan, emakume eta taxilari bati lapurreta egin zien.
Ertzaintzak jakinarazi duenez, iragan urtarrilaren 29an abiatu zuten ikerketa, emakume batek Etxebarriko metroko aparkalekuan izandako lapurreta salatu eta gero. Aizto eskuan, gizon batek zeraman dirua eskatu zion. Emakumeak ihes egitea lortu zuen eta metroko segurtasun langileak ohartarazi zituen, bitartean lapurrak ihes egin zuen.
Bigarren lapurreta otsailaren 5ean jazo zen Etxebarrin. Gizon batek taxilari bat aizto batekin mehatxatu zuen bere diru-bilketa eman ziezaion. Dirua eskuratu ostean, lapurrak ihes egin zuen.
Burututako ikerketari esker, usteko lapurra zein den jakin dute eta Bizkaiko hiriburuko Bailen kalean atxilotu dute.