Itxi

Politika

Elkarrizketa ETBn

Aresek Euskadiren aldeko "konpromisoa" eskatu dio EAJri

Erredakzioa

Herrizaingo sailburuak adierazi duenez, "Eusko Jaurlaritzaren borondatea argia da, akordioak lotu nahi ditugu EAJrekin".

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak "ardura" eskatu dio EAJri eta "aitzakiak bilatzeari" uzteko exijitu dio Euskal Herriaren arazoak konpontzeko "konpromisoa" har dezan.

ETBri eskainitako elkarrizketa batean Aresek adierazi duenez, "oposizioko alderdi nagusiak alde batera utzi behar ditu irainduaren papera eta herritarrek dituzten arazoak konpontzeko konpromisorik ez hartzeko aitzakiak" eta akordioak lotu behar ditu Jaurlaritzarekin.

Izan ere, "ez diegu gobernu sozialistaren aldeko laguntza eskatzen, herriaren eta herritarren arazoei irtenbideak bilatzeko laguntza baizik", Aresen esanetan. "Eusko Jaurlaritzaren borondatea argia da, akordioak lotu nahi ditugu EAJrekin", gaineratu du Herrizaingo sailburuak.

Horren harira, sailburuak esan du "garrantzitsua" izango litzatekeela EAJk jarrera "arduratsuagoa" izatea "lana, zergak, hezkuntza erreforma eta osasungintzaren hobekuntza bezalako gaietan" akordioak bilatzeko. Dena dela, horien "laburpena" Lehendakaritzak Iñigo Urkullu EAJren presidenteari emandako proposamenen testuan agertzen omen dira.

Gainera, Aresek gai horiek "sakonean" aztertzeko eskatu dio EAJri eta bazter ditzala testua EAJra iritsi baino lehenago prentsan azaldu zelako kritikak egietari.

Egigurenen adierazpenak

Bestalde, Herrizaingo sailburuak Jesus Egiguren PSEren presidenteak atzo ezker abertzaleari buruz egin zituen adierazpenak ere izan ditu hizpide. Egigurenen arabera, "serioa" da ezker abertzalearen barne gogoeta, baina Aresek argi utzi du "gauza bat desirak" direla "eta beste bat bide hori egiteko beharrezko neurriak hartzen ote dituzten".

"Zantzu guztien arabera, badirudi ez duela ETArengan eraginik izango, zeren eskuartean ditugun datuek diote ETAk jarduera terroristarekin jarraitu nahi duela", adierazi du agintari sozialistak.