Politika
Polemika
EAEANko epaile batek zalantzan jarri du independentzia judiziala
Erredakzioa
Manuel Diaz de Rabago epailearen iritzian, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kideak alderdien "menpe daude" eta goi-kargu bat izateko PSOEren eta PPren oniritzia izatea ezinbestekoa da.
Manuel Diaz de Rabago EAEko Auzitegi Nagusiko epaileak zalantzan jarri du botere judizialaren independentzia, izan ere, bere ustez, erantzukizuneko karguetarako hautagai onenak aukeratu beharrean, "botere politikoaren menpe daudenak aukeratzen dituzte".
Efe agentziari egindako adierazpenetan, Diaz de Rabagok esan du EAEko Auzitegi Nagusiko presidente izateko hautagaitzarik ez duela aurkeztuko eta erabaki hori "irmoa" dela; izan ere, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak bigarren fasean aurkeztutako lau hautagaitzak bertan behera utzi zituen.
"Tamalez, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak aspalditik jarduten du botere politikoaren menpean", kritikatu du. "Eta hori horrela bada, erakunde horretako goi-karguak aukeratzeko moduagatik da", erantsi du.
Diaz de Rabagoren esanetan, Estatuko bi alderdi nagusiak, PSOE eta PP, "ados jartzen dira kargu horiek aukeratzeko" eta, ondorioz, "Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kide izan nahi dutenek badakite bi alderdi horienganako joera erakutsi behar dute".
Gauzak horrela, "garrantzitsuena alderdi politikoen oniritzia izatea da; erkidego bateko edo lurralde bateko auzitegia zuzentzeko karguetarako ez dira hautagai onenak aukeratzen", salatu du.
"Horrela funtzionatzea posible da, baina ez dezatela esan botere judiziala botere politikoaren menpe ez dagoela eta independentea dela", azpimarratu du Diaz de Rabagok.