Mundua
Hegoafrika
Mandelaren izpiritua bizirik, askatu zutela 20 urte bete direnean
Erredakzioa
Herrialde afrikarraren lehenengo presidente beltza gaurko egunez atera zen kartzelatik 1990ean, espetxean 27 urte eman ondoren, eta orduan hasi zen "apartheid" erregimena erortzen.
Nelson Mandela kartzelatik atera zen egunaren 20. urteurrena bete da gaur eta horrek berdintasunaren aldeko izpiritua biziberritu du Hegoafrikan, nahiz eta egoera ez den normaltasunera iritsi "apartheid" erregimena erori eta bi hamarkada igaro ondoren.
Hegoafrikako Ondarearen Kontseilu nazionalak monumentu nazional izendatu du Victor Verster espetxea, Mandelak askatasuna lortu zuen kartzela, Hegoafrikaren askapenerako borrokaren irudi bilakatu delako.
Mandela 1988an eraman zuten espetxe horretara, baina horren aurretik 25 urte eman zituen beste presondegi batean.
1990eko otsailaren 11n, Hegoafrikan gerra zibila pizteko zorian zegoenean, Mandela kartzelatik atera zen Winnie emaztea eskutik helduta, eta babes oihuen artean lehenengo pausoak eman zituen askatasunean, 30 urte eta gero. Era berean, herrialdea erregimen demokratikorantz bideratu zuen eta 1994an, Mandela Hegofrikako lehenengo presidente beltz izendatu zuten sufragio unibertsalez.
Desmond Tuturen deia
Desmond Tutu artzapezpiku anglikanoak, askatasunaren aldeko beste borrokalari batek, "Nelson Mandela askatu zuten eguneko izpiritua" berreskuratzeko deia egin die hegoafrikarrei: "Steve Bikok (diskriminazioaren kontrako borrokan hildakoa) egituratutako izpiritua berreskuratu behar dugu. Ezin dugu iragana ahaztu".
Tutuk, Mandelarekin batera "apartheid"aren kontra egindako borrokagatik Bakearen Nobel Saria jaso zuenak, gogorarazi du Mandela askatu zutenean "izpiritu kolektiboa hazi" egin zela eta orduan amaitu zela "duintasun ezaren garaia".
"Orain, 20 urte eta lau hauteskunde orokorren odnoren, gure demokrazia gaztea ikasten ari da, asko lortu dugu", adierazi du Tutuk, nahiz eta onartu "asko" dagoela egiteko.
Afrikako Kongresu Nazionalaren kontzentrazioa
Victor Verster kartzelaren atarian, Afrikako Kongresu Nazionalak, Mandelaren alderdiak, "apartheid"aren kontrako borroka bideratu zuenak eta 1994tik Hegoafrikako gobernuburu izan denak, kontzentrazioa deitu du gertakaria gogoratzeko.
20.000 pertsona inguru bilduko direla espero dute, alderdiko agintariak tarteko, baina ez da Mandela bertan egongo, 91 urterekin agerraldi publiko gutxi egiten dituelako eta arratsaldean Jacob Zuma Hegoafrikako presidentearen hitzaldira bertaratuko delako.