Politika
Polemika
Errioxak helegitea jarriko du EAEko kontzertu ekonomikoaren aurka
Erredakzioa
Pedro Sanz (PSOE) Errioxako presidenteak salatu duenez, Zapaterok kontzertu ekonomikoaren 'blindatzea' onartu badu, "interes alderdikoiengatik eta Estatuko aurrekontuak onartzeko izan da".
EAEko kontzertu ekonomikoa ''blindatzen'' duen legea onartu zuen atzo Senatuak eta gaur arau horren aurka auzitegietara joko duela iragarri du Errioxako Gobernuak. Zehazki, legea Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen dutenean aurkeztuko dute helegitea. Hala jakinarazi du Pedro Sanz Errioxako Gobernuko presidenteak.
Ebazpen berri horren arabera, Auzitegi Konstituzionaleko eta Botere Judizialeko legeak aldatu egingo dira eta, ondorioz, EAEko arau fiskalen kontra egiteko Auzitegi Gorenean bakarrik aurkeztu ahalko dira helegiteak eta ez auzitegi arruntetan, orain arte gertatzen zen moduan.
"Errioxaren interesak babesteko beharrezko diren neurri guztiak hartuko ditugu, kolore politikoen eta ideologien gainetik, baita nire alderdiaren gainetik ere", azpimarratu du Sanzek, auzitegira jotzeko erabakia irmoa dela esanez.
Errioxako Gobernuak ez du baztertu, beharrezkoa izanez gero, ''blindatzearen'' aurka Europako auzitegietara jotzea eta gogora ekarri du horrela jokatu zutela "EAEko opor fiskalen harira".
Zapateroren "interes alderdikoiak" kritikatu ditu
Senatuak aipatu legea onartu izana Espainiako Gobernuak Errioxaren aurka egindako "erasoa" dela esan du. Jose Luis Rodriguez Zapaterori "boterean mantentzea baino ez zaio interesatzen eta arazo puntualak baino ez ditu konpondu nahi", salatu du Sanzek.
Atzo Senatuan egindako bozketaren emaitza "Espainiako Gobernuko presidentearen interesen ondorioa da; bere alderdia erabilita, Errioxa eta beste zenbait autonomia erkidego saldu ditu, 2010erako Estatuko Aurrekontuak zazpi botorengatik aurrera atera ahal izateko", kritikatu du.