Itxi

Gizartea

Denboralearen ondorioak

Bizkaiko eta Arabako sei ikastetxek euren ateak itxi dituzte

Erredakzioa

Sei ikastetxek klaseak bertan behera utzi dituzte denboralearen ondorioz. Gipuzkoan, aldiz, normaltasun "osoa" da nagusi. Arabako bederatzi ikastetxek garraioarekin arazoak dituzte.

Guztira Bizkaiko eta Arabako sei ikastetxek euren ateak itxi dituzte edo egunean zehar itxiko dituzte, herrialde hauek zigortzen dituen denboraleagatik. Gipuzkoan, aldiz, normaltasun "osoa" da nagusi.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez, Enkarterrietako zenbait ikastetxek itxi dute Bizkaian: Jose Sierra LHI (Truziotz), Concha LHI (Karrantza), La Arboleda LHI eta Karrantza DBH.

Arabari dagokionez, Ribabellosako (Unamunzaga LHI eta DBH) eta Gaubeako (Gobea LHI eta DBH) ikastetxeek itxiko dituzte euren ateak.

Horrez gain, Arabako bederatzi ikastetxek garraioarekin arazoak dituzte: Victor Tapia LHI, Araia LHI, Gobea LHI, Ramiro de Maeztu LHI, Virgen de Oro LHI, Dulantzi LHI, Murgia DBH, Gorbeia LHI eta Izarra DBH.

Halaber, Araban eskolaz kanpoko ekintzak ez egitea gomendatu dute.