Itxi

Ekonomia

BPG

Nafarroako ekonomiak datu positiboak ematen jarraitzen du

Erredakzioa

Barne Produktu Gordina % 0,1 hazi zen 2009ko azken hiruhilekoan, eta aurrekoan % 0,5ekoa izan zen gorakada. 2010eko amaieran hazkundea positiboa izango dela espero du Foru Gobernuak.

Nafarroako ekonomiak atzeralditik atera dela "berretsi" du gaur 2009ko azken hiruhilekoan Barne Produktu Gordina (BPG) % 0,1 hazita, eta aurreko urteko hirugarren hiruhilekoan izan zen % 0,5eko gorakadarekin batera, 2010ean hazkundea positiboa izango dela espero du Foru Gobernuak.

Hala adierazi du behintzat gaur Alvaro Miranda Ogasun eta Ekonomia kontseilariak prentsaurrekoan. Haren esanetan, ekonomiaren susperraldia hasi da eta horregatik, orain "enplegua mantentzeari eta sortzeari" emango diote lehentasuna Nafarroan. Hori helburu, 22 neurriko zerrenda bat osatu dute.

Datuei dagokienez, 2009ko amaiera urtearteko BPGren datua %-1,9an geratu dela azaldu du, aurreko urtean % 2,9koa izan zen beherakada.

Nafarroa izan zen atzeralditik atera zen lehenengo erkidegoa Espainiako Estatuan, 2009ko hirugarren hiruhilekoan, eta indartsua izan zen hazkundea, % 0,5ekoa hain zuzen ere. Gainera, industria ekoizpenaren, zerbitzu sektorearen, merkataritzaren eta lan publikoen jarduera indizeek ere datu baikorrak eman dituztela argitu du Ekonomia kontseilariak.

Miguel Sanz buru duen Gobernuak azpimarratu du Nafarroako ekonomia Estatuko batez bestekoaren gainetik dagoela puntu bat, hamarkada osoan izan duen alde handiena, eta horrek lan alorrean isla izan duela.

Hori horrela, 2007ko laugarren hiruhilekoan Estatuko langabezia tasa Nafarroako baino % 4,33 handiago zen, eta 2009 amaieran % 8,3 langabezia tasa altuagoa dago Estatuan.