Reala
Hausnarketa
Reala: Sasoiko daudela uste du Labakak
Ander Altuna
Zubieta
"Fisikoki taldeak ez du beherakadarik izan", nabarmendu du azpeitiarrak. Zubietako zelaiak ez dira zuritu eta behar bezala entrenatzeko modua izan dute.
Realak bizi duen egoeraren hausnarketa egin du Mikel Labakak Zubietako prentsa aretoan. "Fisikoki taldeak ez du beherakadarik izan, sasoian gaude. Emaitzei dagokionez, aldiz, atzerapauso txiki bat eman dugu. Jokoa hobetzen saiatuko gara, baina batez ere, emaitza bolada aldatzen".
Liga hasieran Lasartek esaldi borobila bota zuen: irabaztean, prestatzaile fisikoa oso ona da. Irabazten ez denean aldiz, ez du ezerk funtzionatzen. Txuri-urdinen gabezia nagusia ez da kilometro gehiago edo gutxiago egin izana aurreko hiru neurketetan, nola egin duen korri baizik. Zelai erdia desagertu egin da, ez du jokorik sortzen eta baloiak hanketan gutxi irauten duenean bila aritu behar. Horrek, garaipena lortzeko bidea zakartu baino ez du egiten.
Diego Rivasen iritziz, "neurketak erabakitzea falta izan zaigu horretarako aukerak izan arren". "Las Palmasen eta Murtziaren kontra aurretik jartzea lortu zuten, nahiz minutu gutxiren buruan gola jaso. Zentzu horretan, defentsa lana areagotu dugu asteon, intentsitatea ez galtzeko", azaldu du erdilariak.
Buenok, Martinezek eta Elustondok arazorik gabe osatu dute saioa. Elurrak ez du berdegunean eraginik izan eta kanpoko lanean normaltasunez aritu dira.