Itxi

Mundua

Britainia Handia

Brownek aitortu egin du akordioa zuela Blairrekin boterea banatzeko

Erredakzioa

Igandean zabalduko den elkarrizketa batean, Britainia Handiko lehen ministroak aitortu du Blairrekin akordioa izan zuela 1994an haren ordezkoa izateko.

1994an Tony Blairrekin akordio sekretu bat adostu zuela onartu du Gordon Brown Britainia Handiko lehen ministroak aurrenekoz. Itunaren arabera, Blairrek boterea utzi eta Brown helduko zen Doening Streeteko 10. zenbakira. Eta 13 urte geroago horrela gertatu zen, 2007ko ekainean.

ITV telebistan, igandean zabalduko den elkarrizketa batean, 90eko hamarkadaren hasieran, laborismoaren barnean, Blairren buruzagitza nola gauzatu zen azaltzen du Brownek, eta baita Gobernuko buruzagitzaren ondorengotza nola itundu zen ere. Elkarrizketaren zati batzuk dagoeneko jakitera eman dituzte.

Elkarrizketan hitzarmena egon zela onartzen du Brownek, baina ''Granita'' izeneko ituna izan zenik ukatzen du. Granita Londreseko iparraldean dagoen jatetxe bateko izena da, Blair eta Brown 1994an bertan bildu zirela uste izan da urteetan zehar, Gobernura heldu baino lehen Laborismo Berriaren paper nagusiak banatzeko. Brownek informazio hori gezurtatzen du.

Akordio sekretua

John Smith buruzagi laborista hil ostean lotu zuten akordioa bi politikariek. Laborismoaren zuzendaritza hartzeko eta Gobernura heltzeko prest zegoela uste izan zuen Brownek.

"Lanerako prest nengoela uste nuen, eskarmentua nuela pentsatzen nuen", esan du Brownek. Atzera begira, orduan lehen ministro izateko hautagaia bera izan behar ote zen galdetzen diotenean, honakoa erantzuten du Brownek: "Ezin da atzera begiratu".

Azkenean, Smith hil eta hiru urte geroago, Blair lehen ministro bihurtu zen eta Brown Ekonomia ministro. 10 urtez kargu horietan izan ziren eta behin baino gehiagotan haserretu zirela onartzen du Gordon Brownek.

Bi kargu horien arteko harremana "izugarri zaila" zela esanez justifikatzen du Brownek, "nahiz eta lagunak izan".

"Presio handiko giroan zaude, egunero erabakiak hartu behar dira eta batzutan ez zaude ados. Gai ezberdinetan desadostasunak izan ziren, baina beti gertatzen da", azpimarratzen du buruzagi laboristak.

Hauteskundeak

Bere irudi asper eta gogaitua aldatzeko kanpaina bat egiten ari da Britainia Handiko agintaria, izan ere, hauteskunde orokorrak izateko hilabete gutxi falta dira. Hauteskundeak egiteko ekainaren 3a jarri dute mugatzat, baina ez dute data zehatzik ezarri oraindik. Bestalde, barne-barneko datuak ematen ditu Brownek elkarrizketan.