Albisteak

Aurkezpena

Natural Project talde andoaindarak 'Discontinuidad' lana dakar

Garazi Urdanpilleta

Otsailaren 17an egingo dute disko berriaren aurkezpena Donostiako Udal liburutegiko kriptan. 11 abesti dakartzate diskoan, tartean, bi birnahasketa eta La casa de mi padre filmerako egindako kanta.

Natural Project taldeak disko berria dakar: Discontinuidad. Otsailaren 17an, asteazkena, egingo dute lan berriaren aurkezpena Donostiako Udal liburutegiko kriptan.

Laukote andoaindarraren estudioko bigarren lan luzea da Discontinuidad eta 11 abesti bildu dituzte bertan. Aniztasuna izango da disko berriaren ezaugarri nagusia eta aniztasun horren erakusgarri dira lan horretan bildu dituzten bi birnahasketak eta Gorka Merchan zinema-zuzendari donostiarraren La casa de mi padre filmerako osatutako "Ispilua" abestia.

Orain arte egindako ibilbidean bilakaera nabarmena izan duen arren, Natural Project taldearen musika 80ko hamarkadako musikaren eta egungo hainbat musika motaren arteko nahasketa da. 2003. urtean Get In Management agentziak eurekin aritzeko proposamena egin zien eta harreman horri ekin ostean argitaratu zuten Dcimas izeneko lehen lana luzea. Aurretik single pare bat, Donostiako diskoetxe independente batekin egindako diskoa (sekula argitaratu ez zena, diskoetxea itxi egin zelako) eta autoekoitzitako beste disko bat osatu zituzten eta beraz, ordurako nahiko esperientzia bazuen taldeak. 2002an, gainera, Gaztearen Maketa Lehiaketan finalista izan ziren eta Donostiako Pop-rock Lehiaketan 2. postuan sailkatu ziren. Dcimas kaleratu ostean, buru-belarri ekin zioten kontzertu birari eta, besteak beste, Him, Depeche Mode eta Julieta Venegas artisten hasierako talde gonbidatu gisa aritu ziren.

Orain, Discontinuidad lana aurkezteari ekingo dio Andoaingo taldeak. Birako lehen kontzertua Donostiako Guardetxean emango dute otsailaren 19an. Martxoaren 5ean Anoetako Cheyennen arituko dira, 12an DOKAn (Donostia) eta maiaztaren 8an, berriz, Madrilgo Moby Dock areto ezagunean taularatuko dituzte euren kantu berriak.