Itxi

Politika

Bitimen nazioarteko batzarra

Terrorismo delituak ez preskribatzea eskatu dute biktimek

Erredakzioa

Terrorismoaren biktimek adierazi dute atentatuen egileek "ordaindu" egin behar dutela, nahiz eta urte asko pasatu.

Terrorismoaren biktimek tankera horretako delituak ez preskribatzea exijitu dute gaur, Salamancan (Gaztela eta Leon) egiten ari diren Biktimen Nazioarteko VI. Batzarrararen baitan.

Biltzarraren partaideek atzo Auzitegi Nazionalean gertatutakoa hartu dute gaur hizpide. Izan ere, epaileak ETAko biktima baten senideak bota egin zituen aretotik, beren senidearen ustezko hiltzailea epaitzea eskatzen ari zirela (auzitegiak esan zuen delitua preskribatu egin zela).

Hori horrela, Irene Villak (ETAren atentatu baten biktima izan zen 1991n, 12 urte zituenean) adierazi du "biktima baten mina" ez dela inoiz preskribatzen, eta beraz, egileek "ordaindu" egin behar dutela aldarrikatu du.

"Oso mingarria da [delituok] preskribatzea", esan du Irene Villak. Gainera, aurki berak ere egoera berbera bizi lezakeela gogorarazi du.

"Atentatu bat pairatzen duzunean, zure bihotzaren parte bat moztuta geratzen da. Une batean horrekin bizitzen ikasten duzu, baina bidegabekeriarekin ezin da bizi, mingarriagoa baita", gaineratu du.

Mapi de las Heras, Fernando Mugica buruzagi sozialistaren (ETAk hil zuen 1996an) alarguna, ere bide beretik mintzatu da: "Delituak ez preskribatzea gure borroka nagusietakoa da".

Angeles Pedraza AVTko presidenteordeak gogorarazi du bi urte daramatzatela terrorismo krimenak gizateriaren aurkako delitutzat hartzea eskatzen.