Itxi

Ekonomia

Zerga arauak

Kantabriak ez du Kontzertu Ekonomikoaren blindatzea errekurrituko

Erredakzioa

Jarrera horrek "inora ez daramala" defendatu du Kantabriako Gobernuaren Ekonomia kontseilariak. Bestalde, Gaztela eta Leongo Gobernuak bere jarrera uler dezan eskatu dio lehendakariari.

Erkidegoak EAEko Kontzertu Ekonomikoaren blindatzea errekurrituko ez duela errepikatu du gaur Angel Agudo Kantabriako Gobernuko Ekonomia kontseilariak, "inora ez daramalako". Era berean, EAErekin izan beharreko lankidetza defendatu du.

Kontseilaria horrela mintzatu da, Kantabriako Gobernuak blindatzeari helegitea aurkeztuko ote dion galdetu diotenean, atzo Diputatuen Kongresuak tramitazioa onartu ostean.

"Praktikan, jarrera horrek inora ez daramala" defendatu du erkidego horretako Ekonomia kontseilariak, eta EAEk bizi duen testuinguru politiko berria aprobetxatzea "garrantzitsuagoa" dela erantsi du, guztien artean, guztien mesederako lankidetza politikoa bultzatuz. "Bide hori landu egin beharrekoa" dela uste du kontseilariak.

PPren jarrera kritikatu du Agudok, dagoen tokiaren arabera, gauza ezberdinak esan eta egiten dituelako.

Gaztela eta Leon

Bestalde, bere jarrera uler dezan eskatu dio Gaztela eta Leongo Gobernuak Patxi Lopez lehendakariari, EAEko zerga arauen blindatzea "euskal lurraldeari pribilegioak ematen dizkiolako, Gaztela eta Leonen kaltetan".

"Gaztela eta Leonetik euren eta euskal talde parlamentarioen jarrera ulertzen dugun bezala, gurea ere uler dezaten eskatzen dugu", adierazi du Jose Antonio de Santiago-Juarez Gaztela eta Leongo Gobernuaren bozeramaileak.