Itxi

Gizartea

Bost kilometrotan zehar

A-8 autobidetik aurkako norabidean gidatzeagatik atxilotu dute

Erredakzioa

Gidariak bost kilometro egin ditu aurkako norabidetik, Eibarko ordainlekuraino, Durangoko ordainlekuan jarrita zegoen kontrol bat saihesteko.

Eibarko ertzain-etxeko agenteek, Guardia Zibilaren laguntzaz, gaur goizaldean A-8 autobidetik zihoan gidari bat atzeman dute; Durangoko ordainlekuan jarrita zegoen kontrol bat saihesteko, Eibarko ordainlekuraino bost kilometro egin ditu aurkako norabidetik.

Goizaldeko 02:15ak aldera, auto bat A-8 autobidetik Bilbora bidean zihoan baina, Durangoko ordainlekuan Guardia Zibilaren kontrol bat zegoela jabetu denean, gidariak buelta eman du eta Donostiara bidean abiatu da Bilboko norabideko errailetatik.

Mercedes Benz autoarekin aurrez-aurre topo egin duten hainbat gidariren deiek jarri dute Ertzaintza jakinaren gainean. Ordurako, abisu bera jaso duten Guardia Zibileko hainbat patruila zihoazen aipatutako autoari segika. Azkenean, Eibarko ordainlekuan geldiaraztea lortu dute; gune hartan, Donostiatik zetozen autoentzat bidea jada itxita zegoen istripurik gerta ez zedin.

Aurkako noranzkoan zihoan autoa gelditzeko arantzadun kate bat erabili behar izan dute, gainetik pasatzean lau gurpilak zulatu baitizkio. Berehala atxilotu dute gidaria bide-segurtasunaren aurkako eta agenteekiko desobedientzia delitu bana leporatuta.

Atxilotua (47 urteko gizonezkoa) Mendaroko Ospitalera eraman dute konortea galtzear zegoela eta bertan egingo dizkiote baita alkoholemia probak.

Gidariaren jokabide arraroa

Bestalde, gaur goizaldean ere beste gidari bat atzeman dute Villabonan alkoholemia probetan positibo emateagatik eta gidabaimena kenduta zuela gidatu izanagatik. Goizaldeko 03:40ak aldera jazo da guztia. N-1 errepidetik Irungo noranzkoan zihoan Ertzaintzako patruila bat beren atzetik zihoan autoko gidariaren jokabide arraroa nabaritu dute, zabuka zihoan; berehala gelditzeko agindua eman diote.

Gidariak positibo eman du egin dizkioten alkoholemia probetan eta gidabaimena kendu egin ziotela adierazi die agenteei. Hau ikusita, atxilotu eta ertzain-etxera eraman dute.