Politika
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Urkullu: "Harrigarria da dekalogoan gure proposamenik ez agertzea"
Erredakzioa
EAJren presidenteak esan du Euzkadi Buru Batzarrak gaur aztertuko duela sakonean lehendakariak helarazitako txostena eta gogor kritikatu du Patxi Lopezekin bildu aurretik sortu zen giroa.
Iñigo Urkullu EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak adierazi du "harrigarria" dela Patxi Lopez lehendakariak helarazitako dekalogoan EAJk egindako "proposamenik ez agertzea". Era berean, lehendakariaren bildu aurretik PSEtik egindako zenbait adierazpen kritikatu ditu.
Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketa batean, Urkulluk onartu du lehendakariarekin bildu osteko aho zaporea "ez dela ona". "Harrigarri" jo du bileran berak aurkeztutako "paperean sakontzea" eta gero "guk planteatutakorik ez agertzea" lehendakariak aurkeztutako dekalogoan.
Lehendakariarekin egindako bilera Jaurlaritzaren "komunikazio estrategia" baten barruan kokatu behar dela esan du EAJren presidenteak eta berak dekalogoaren inguruko iritzia badu ere, "EBBk sakondu" egin behar duela azaldu du, eta hori gaur bertan EBBk egingo duen bileran izango omen da.
Izan ere, PSEko ordezkariek arduratsu jokatzea eskatu diote EAJri, eta Urkulluk azpimarratu du jeltzaleek "beti" jokatu dutela "arduratsu eta erantzukizunez". Horren harira, EAJk, PSEk eta Hamaikabatek sinatutako erakundeen egonkortasunerako proposamena haiena dela gogorarazi du.
Urkulluk, elkarrizketaren ostean Gasteizen eman duen prentsaurreko batean, esan du EBBren bileran argi adieraziko duela dekalogoa prentsara filtratu zelako izan zuela horren berri eta horrek haserretu egin zuela.
Urkulluk uste du "errespetu falta" izan zela horrela jokatzea eta horren atzean "komunikazio joko eta estrategia bat" dagoela uste du, PPrekin duten akordioa "ezkutatzeko" eta EAJrekin bideak ireki nahi dituztela "emateko".
Urkulluk ez du baztertu EAJk dekalogoaren inguruko iritzirik ez ematea otsailaren 24an Antonio Basagoiti PPren presidenteak eta Patxi Lopez lehendakariak bilera egin arte.
Erabakitzeko eskubidea
Eusko Legebiltzarrak autodeterminazioaren aldeko adierazpena onartu zuela 20 urte bete direla ekarri du gogora Urkulluk euskal autogobernua eta erabakitzeko eskubidea defendatzeko. EAJren presidenteak euskal gizarteak "gauza guztien aurrean erabakitzeko aukera izatea" nahi du, "azken batean, euskal gizartearen ongizatearen tresna guztiak gure esku izatea".
Aldarrikapen horri hauteskunde kanpaina kutsua hartu dietenei esan die horixe aldarrikatu duela EAJk 1917tik.
Ezker abertzalearen barne gogoeta
Urkulluk salatu du ezker abertzaleak "abertzale lana egin nahi dugunoi kalte besterik ez digula egin" eta "jakin behar dute 30 urtetan ez dutela ezer lortu". Barne gogoetaren harira esan du "erronka" dutela aurre egiteko eta "zorretan" daudela abertzaleekin: "Ezker abertzalea abertzaletasunarentzat izan da kaltegarriena".
"Ezker abertzaleak badaki zein akats egin duen eta zein ondorio izan duen", gaineratu du buruzagi jeltzaleak.