Gizartea
Gizarteratzeko kontratua
Lanerako prest egon behar dute diru-laguntzak jasotzeko
Erredakzioa
Luzaroan langabezian dauden pertsonak lan merkatuan integratzea dute xede eta gizarteratzeko kontratua sinatu beharko dute horiek. Alokairurako laguntza bakarra emango dute etxebizitza bakoitzeko.
Gemma Zabaletak, Lan eta Gizarte Gaietarako sailburuak, Diru-Sarreren eta Gizarte Integraziorako legeak "luzaroan langabezian dauden pertsonak lan merkatuan integratzea" xede dutela azaldu du.
Zabaletak argi utzi du "prestazio baten truke gizartean integratzeko kontratua sinatuko" dutela onuradunek, izan ere, trebatzeko eta lan merkatura sartzeko prest egon beharko dira.
Lan eta Gizarte Gaietarako sailburuak, Integrazioa Aktiborako Plana 2010-2015 urte honen bigarren seihilekoan prest egongo dela azpimarratu du. Helburu bikoitza bermatzea du xede planak, "behar duten familientzako prestazioak eta baita integrazio soziala ere".
Alokairurako diru-laguntzak
Berritasunei dagokionez, bi diru-laguntza bakarrik emango dituzte etxebizitza bakoitzeko: Diru-Sarrerak bermatzeko Errenta eta Etxebizitzarako Prestazio Osagarria. Izan ere, "diru-sarrera nahikoak ez direnean, pisua konpartitzea aukera bat izan daiteke, ez ordea lagun talde baten metaketa etxebizitza bakarrean", zehaztu du Zabaletak.
Etxebizitzarako Prestazio Osagarriaren legea pasadan urtarrilaren 1etik indarrean dago eta Gizarte-Larrialdirako Laguntzen ordezkoa da. 250 eta 320 euro bitarteko diru-laguntzak dira eta aurten, 16.200 pertsonei emango zaizkiela aurreikusi dute.
Lan eta Gizarte Gaietarako sailburuak aurreratu duenez, Diru-Sarrerak bermatzeko Errenta onartuko dute laster, "18 eta 23 urte bitarteko zein gaztek eskatu dezaketen" zehazten dutenean, alegia.