Gizartea
'Le Parisien'-en arabera
Frantziak soldaduak erabili zituen XX. mendeko ariketa nuklearretan
Erredakzioa
Hain zuzen ere, eztanda nuklear batek gizakietan dituen ondorioak aztertzeko erabili zituen, 1960ko hamarkadan.
Frantziako Armadak ehunka soldadu erabili zituen 1960ko hamarkadan egindako ariketa atomikoetan, eztanda nuklear batek gizakietan dituen ondorioak aztertzeko, Le Parisien egunkariak gaur jakinarazi duenez.
Hain zuzen ere, tankera horretako eztanda bat izan den leku batean soldaduek egoterik duten aztertu nahi zuen Armadak.
Txostenean 1961eko apirilaren 25ean Aljeriako Saharan egindako ariketa nuklear bat izan dute hizpide batik bat.
Horretan 300 pertsonak hartu zuten parte. Gehienak soldaduak ziren, eta eztanda nuklear bat jazo eta 35 minutura ''zero puntu''ra hurbildu ziren, oinez. 700 metrora, hain justu. Ondoren, ibilgailu batzuk 275 metrora hurbildu ziren.
Ariketa horretan, eztanda nuklear bat izan den tokian soldaduak borrokatzen jarraitzeko gai direla ondorioztatu zuten, betiere haien adorea jaisten ez bada.
Orotara, Frantziak 210 ariketa nuklear egin zituen. Lehena 1960ko otsailaren 13an, Saharan, baina 1966 arte jarraitu zuen zeregin horretan, Aljerian, 1962an herrialdea Frantziatik bereizi egin bazen ere.
Le Parisien egunkariari egindako adierazpenetan, Herve Morin Frantziako Gobernuko Defentsa ministroak ziurtatu du ez zuela ezagutzen txostena, baina bere agintaldian ariketa nuklearren kaltedunei kalte-ordainak emateko lege bat onartu dutela gogorarazi du.