Itxi

Politika

Autoa kaleratu du

Garzonek bi enpresaburu auzipetu ditu ETAri ordaintzea leporatuta

Erredakzioa

Bruño Azpiroz ahizpak, 2009an atxilotu zituztenak, dira horiek. Luis Amenabar (eraikuntzako enpresaburua, bere enpresak ETAren atentatua jasan zuen) ere auzipetu du mehatxu gutunak ez salatzeagatik.

Baltasar Garzon epaileak Maria Isabel eta Blanca Rosa Bruño Azpiroz ahizpak auzipetu ditu ETAri, euren borondatez, 6.000 euro ordaintzea leporatuta eta Luis Amenabar Alday ere inputatu du ez zuelako salatu mehatxu gutunak jaso zituela.

Auzitegi Nazionaleko epaileak kaleratutako autoan, gainera, beste hamalau euskal enpresabururen kontrako auzipetzea kendu du, delitua preskribatu delako. Horiei ere, mehatxu gutunak jaso zituztela ez salatzea egozten zien epaileak.

Blanca Rosa eta Maria Isabel Bruño Azpiroz ahizpak, Andres Bruño e Hijos S.L. (angulak eta mariskoa saltzen dute) enpresaren gerentea eta kontseilaria, atxilotu egin zituzten iazko martxoan ETAri laguntzea leporatuta, euren borondatez 6.000 euro eman zizkiotelakoan. Gero, hala ere, aske geratu ziren 20.000 euroko bermea ordainduta.

Bruño sendiak ukatu egin zuen ordainketak borondatez egin zituztela, enpresari egindako mehatxuen biktimak zirela esan zuten.

Autoan, 2008ko apirileko data duen ETAren gutun batek dioena agertzen da. Bertan, ETAk eskerrak ematen dizkie ahizpa enpresariei egindako "ekarpenagatik" eta "abertzaletasun deia" eginez, "askapen prozesuaren alde, etorkizunean ere ekarpen ekonomikoak egiten jarraitzeko" eskatzen die.

Gutuna Javier Lopez Peña, Thierry, ETAko ustezko kidearen etxebizitzan aurkitu zuten maiatzaren 20an, Bordelen (Frantziako Estatua).

Garzonen arabera, "gutunaren formatua desberdina da edukian eta forman ETAk normalean mehatxuak egiteko erabiltzen dituenekin". Ordainketa, autoan agertzen denez, 2003tik 2008ra bitartean egin omen zen.

Auzian beste hamabost euskal enpresari agertzen dira, denek ETAren mehatxu gutunak jaso zituzten. Baina Garzonek ez du horien kasuan ETAri laguntzeko borondaterik atzeman: "Ordainketak, egin zituztenean, ez ziren borondatezkoak izan".

Dena dela, Garzonek presktibatutzat jo ditu delituak kasu guztietan, gutunak 1995 eta 2004 artean jaso zituztelako, Luis Amenabar Alday eraikuntza arloko enpresariak izan ezik, hark bigarren mehatxu gutun bat jaso omen zuen 2007an.

Amenabarren kontrako atentatua

2008ko ekainean, ETAk atentatua egin zuen Amenabar enpresak Zarautzen dituen bulegoen kontra. Hiru lagun zauritu zituen (bi ertzain eta bizilagun bat), eta eraikineko aurrealdean kalte materialak egin zituen. ETAk lehergailuak eztanda egingo zuela ohartarazi zuen ordubete lehenago.

Amenabar enpresak beste atentatu bat ere jasan zuen urte hartako maiatzean. ETAk bi hondeamakina txikitu zituen lehergailuz, Hernanin.