Itxi

Politika

Ez ziren aurkeztu auzitegira

Sagardui omentzeagatik auzipetuetako bi gaur epaituko dituzte

Erredakzioa

Jon Enparantzarentzat eta Estanislao Etxabururentzat 15 hilabeteko espetxe-zigorra eskatu du Fiskaltzak. Bestalde, Joseba Agudo Espainiari entregatzea onartu du Frantziako Justiziak.

Jose Maria Sagardui Gatza ETAko presoa goraipatzeagatik urtarrilean, Auzitegi Nazionalean, egindako epaiketan aurkeztu ez ziren bi auzipetuak gaur epaituko dituzte. Arnaldo Otegi Batasunako bozeramaile ohiarekin batera epaitu behar zituzten urtarrilean.

Jon Enparantza eta Estanislao Etxaburu bi auzipetuek epaiketara ez joateko asmoa azaldu zuten Hernaniko (Gipuzkoa) kultur etxean, prentsaurrekoan, epaiketa izan baino egun bat lehenago. Auzitegi Nazionalak bilatzeko eta harrapatzeko agindua eman eta bi egun geroago atxilotu zituzten.

Terrorismoa goraipatzea egotzita 15 hilabeteko espetxe-zigorra eskatu du Fiskaltzak, Sagarduiren omenaldian parte hartzeagatik. Ekitaldia 2005eko uztailaren 9an egin zuten Zornotzan (Bizkaia).

Gara egunkarian argitaratutako iragarki batean egin zuten deialdia eta Batasunako, Askatasunako eta Gestorak antolatu zuten, ''Konponbidearen momentua da, amnistia eta askatasuna'' lelopean.

"Euskal presoek egindako borroka" goraipatzeko hartu zuen hitza Otegik, eta Sagardui Nelson Mandelarekin alderatu zuen. Enparantzak ere ekitaldian parte hartu zuen, eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren eta Askatasunaren izenean, "Espainiako eta Frantziako Estatuen jarrera errepresiboa" salatu zuen. Sagardui "berehala aske uztea" eskatu zuen.

Bien bitartean, Etxaburu, Etxerateko bozeramailea, agertokian izan zen eta lore sorta eskaini zien Sagarduiren senideei.

Agudo

Bestalde, Bordeleko (Frantzia) Auzitegiak Joseba Agudo abokatua Espainiari entregatzea onartu du gaur, haren abokatuek jakitera eman duetenez.