Politika
Komunikatua
"Elkarrizketa" eskaini dio EAJk Patxi Lopezi
Erredakzioa
Lehendakariak "Gernikako Estatutua osorik betetzeko prozesuan buru izan ez nahi badu, EAJ prest dago horretarako", adierazi du Euzkadi Buru Batzarrak.
"Elkarrizketa" eskaini dio gaur EAJko Euzkadi Buru Batzarrak Patxi Lopez lehendakariari, aldundietan zein EUDELen, Madrilgo eta Gasteizko talde parlamentarioetan eta baita Europako Parlamentuan ere. EAJren nahia "akordio eta adostasun posibleak" lortzea da, krisia gainditzeko eta Euskadiko garapen jasangarria ahalbidetzeko.
Eusko Jaurlaritzaren eta EAJren arteko elkarrizketa politikoa bideratzeko Exekutiboak egindako eskaintzari erantzuna eman diote jeltzaleek, eta aurretik egindako komunikatuan, lehendakariak "borondate politikorik ez duelako edo Alderdi Popularraren inposaketa dela-eta, Gernikako Estatutua osorik betetzeko eta gure herrirako marko politiko berri bat lortzeko prozesuan buru izan ez nahi badu, EAJ horretarako prest" dagoela esan du Euzkadi Buru Batzarrak, "XXI. mendean, Europan, diren erronka politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalei aurre egin ahal izateko".
"Gustura eta konpromisoarekin ardura hori" hartzeko prest direla esan dute jeltzaleek, "zabalik eta elkarrizketarako borondatearekin - demokraziaren muga bakarrarekin - eta akordiorako izpirituarekin, izan ere, euskal herritarrek gaur egun eskatzen dutena da". "Lehendakariak EAJ eta gure presidentea horretarako gertu gaitu, beti ere orain arte erabilitako oinarriak eta moduak baztertzen baldin baditu", erantsi dute.
Atzoko bileran, Lopezek bidalitako gaien zerrenda aztertu zuen EAJk. Lehendakariari interesatzen zaizkion gaien inguruan negoziaketa prozesu bat hasteko proposamena egin zuen agintariak, "dagoeneko zerrenda publikoa delarik".