Ekonomia
Saio monografikoa Kongresuan
Zapaterok krisiaren aurkako Estatu ituna eskaini die alderdiei
Erredakzioa
Mariano Rajoyk Espainiako Gobernuko presidentearen aurka egiteko eskatu die PSOEko diputatuei, eta hark "ausarta" izan dadin eta zentsura-mozioa aurkez dezala eskatu dio.
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak krisiaren aurkako Estatu itun bat adostea eskaini die alderdi politikoei, eta batzorde bat eratu du akordioa bi hilabetetan lortzeko helburuz.
Hain zuzen ere, Elena Salgado (Ekonomia), Jose Blanco (Sustapen) eta Miguel Sebastian (Industria) ministroek osatuko dute lantaldea Gobernuaren aldetik.
Presidenteak ziurtatu du lehentasuna emango diola gai honi, eta akordioa lau punturen inguruan egitea proposatu du: Espainiako ekonomiaren lehiakortasuna sustatu eta enplegua sortzeko neurriak; ekoizpen eredua aldatzeko industria politika; defizit publikoa betetzeko plana betetzea eta finantza sistemaren erreforma.
Zapaterok ekonomiaren egoerari buruz Kongresuan egiten ari diren saioan egin ditu adierazpenok.
Bere hitzaldiaren hasieran, Espainiako gobernuburuak adierazi du ekonomia lehen seihilekoan haziko dela berriro, eta enplegua urte amaieran sortzen hasiko dela. Horrenbestez, hurrengo hilabeteetan oraindik ere lanpostuak suntsiko direla ohartarazi du. "Ez da benetako susperraldia izango enplegua sortu arte", gaineratu du.
Zapaterok hainbat lege iragarri ditu krisiari aurre egiteko, hala nola iruzur fiskalaren eta ezkutuko ekonomiaren aurkako bat (martxoaren 5ean onartuko dute) eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko beste bat (martxoaren 12an).
Halaber, apirilaren 6an auto elektrikoa sustatzeko plana aurkeztuko dute.
Saioa krisiari buruz egin duten lehena da aurten, eta Estatu itun bat lortzen saiatzeko atzo PSOEk CiUrekin hasitako bilera-sortaren ostean dator.
Rajoy hauteskundeak aurreratzeko eskatu du
Dena dela, beste "alternatiba" bat eskaini die PSOEko diputatuei: Zapateroren agintaldia ez babestea.
Zapaterok erantzuna eman dio, eta "ausarta" izan dadin eta zentsura mozioa aurkez dezan eskatu dio.
Rajoyk "egin behar duena ez egitea" egotzi dio Zapaterori, eta hortaz, "mesfindantza" sortzen duena Espainia baino, gobernuburua bera dela nabarmendu du.
''Popularren'' presidenteak kritikatu du presidenteak "betikoa" (Estatu ituna) eskaini duela hitzaldian, eta Espainia noraezean dagoen irudia ematea leporatu dio.
Erkorekak erreformak nahi ditu
Ondoren, Josu Erkoreka EAJko bozeramaileak krisiaren aurrean "berandu eta txarto" erantzun izana egotzi dio gobernuburuari. Horrenbestez, herritarrei gustatzen ez zaizkien, baina "beharrezkoak" diren erreformak abiatzeko eskatu dio.
Bere esanetan, azken bi urteetan Gobernuak entzungor egin die adituei eta nazioarteko finantza erakundeei, eta merkatuen presioa igarri arte ez du erantzun.
Erkorekak erantsi du Exekutiboak bi urte eman dituela noraezean, eta orain herritarrek jakin nahi dutela zer egiteko prest dagoen Espainiari Greziaren antzekoa ez gertatzeko.
Barkosek gehiengo "eragingarria" exijitu du
Uxue Barkos NaBaiko diputatuak gehiengo parlamentario "eragingarria" lortzeko eskatu dio Gobernuko presidenteari, premia handiko gaiei aurre egin ahal izateko.
Nafarroako diputatuak ekoizpen eredua aldatzeko beharra defendatu du, eta egitura soziala lanpostuak sortzeko motorra izan dadila eskatu du.
Horren ildotik, E Planaren dirua Dependentzia Legera bideratu izan balute, "bide luzea egina" egongo litzatekeela esan du.