Mundua
Iruzkina
Gerra jolasa, bizilagunaren lorategian
Jesus Torquemada
Erredakzioa
Frantziako Gobernuak diru-funtsa sortu du Polinesian eta Aljerian egindako proba nuklearren ondoriozko gaixoei kalte-ordainak emateko.
Frantziako Gobernua hasi da erantzukizuna aitortzen Aljerian eta Polinesian egindako proba nuklearrei buruz. Diru-funtsa ere sortu du proba haien ondoriozko gaixoei kalte-ordainak emateko.
Gainera, prentsak argitara emandako txosten baten arabera, Aljeriako proba haietako batean, jakinaren gainean jarri zituzten soldadu frantziarrak erradiaktibitatearen eraginpean. Leherketa atomiko baten ondoren, soldaduek izan zezaketen erreakzio ahalmena frogatzea omen zen helburua.
Defentsa Ministerioak ez dio garrantzirik eman nahi izan informazio horri, baina ez du gezurtatu. Frantziak 17 aldiz probatu zituen bonba atomikoak Aljerian. Gero, herrialde horrek independentzia lortu ondoren, Frantses Polinesian egin ziren saioak 1996ra arte, jardunbide hori utzi arte.
Orotara, 210 bonba leherrarazi zituzten, soil-soilik, probak egiteko. Gutxi, halere, Sobietar Batasunak edo AEBek egindako milaren aldean, haietan ere, diogun bidenabar, argitaratu baitira, akuri gisa soldaduak erabilitako kasuak, oraingo honetan ere, erradiazioaren ondorioak ikertzeko.
Aldea zera da, herrialde horiek nork bere lurraldean egin zituela leherketak, eta Frantziak besterenean. Horregatik, ez da aski bere soldadu propioen kalteak ordaintzea: Ihes erradiaktiboek kaltetutako aljeriarrei eta polinesiarrei ere eman beharko dizkie kalte-ordainak.