Itxi

Politika

Auzitegi Nazionala

'Faisan auziko' ikertzaileak bere susmoei eutsi die

Erredakzioa

ETAri informazioa nork helarazi zion argitzeko agindu diote Garzoni, baina Fiskaltzak ez du sakonago ikertzeko arrazoirik ikusten eta auzia artxibatzeko eskatu du berriro ere.

2006an, baten batek ohartarazi egin omen zuen ETA estortsio sarearen kontrako polizia operazioa prestatzen ari zirela. Gaur auziaren ikerketaren buruak bere txostena berretsi egin du eta Victor Garcia Hidalgo Poliziaren zuzendari ohia eta poliziaren bi goi-kargu deklaratzera deitu ditu, abisua ematea leporatuta.

Fiskaltzak ez du sakonago ikertzeko arrazoirik ikusten eta auzia artxibatzeko eskatu du berriro ere.

Hala ere, auzi honen ikerketan gehiago sakontzea agindu zion astelehenean Auzitegi Nazionalak Garzoni eta horren ondotik etorri da gaurko notifikazioa.

Galdekatuko dituen hiru polizia horiek aipatu kasua ikertzen aritu dira. Zehazki ondokoa eskatuko die Garzonek: Irungo Faisan tabernako jabeak, Joseba Elosuak, telefono-deiak egin zituen kabinako datuak ematea; kabina hori kontrolatuta zegoen ala ez argitzea; eta Elosua eta Calau Aldanur ETAko finantziazio sareko kidearen artean deiak izan baziren ala ez zehaztea, eta hala izan bazen, elkarrizketen transkripzioak ahalbidetzea.

2006ko maiatzaren 4an baten batek ohartarazi omen zion Joseba Elosua Irungo Faisan tabernako jabeari, egun horretan bertan ustez atxilotua izango zela ETA estortsio sarearen kontrako polizia operazio baten baitan; dena den, ohartarazpen hori dela eta, operazioa ekainaren 20ra arte luzatu zen, Elosua atxilotu zuten arte, hain zuzen ere.

Poliziak, susmagarri nagusiak

Epai-mahaia Angel Hurtado, Julio de Diego eta Enrique Lopez (Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko bozeramaile ohia) epaileek osatzen dute. Magistratu horien iritzian, erakunde armatuari sekretupeko informazioa eta laguntza eman diotenak Estatuko segurtasun indarrak izan direla egiaztatzen bada, "terrorismoaren kontrako borrokaren historian, Espainian izan den gertakaririk larrienaren aurrean egongo ginateke".

"Badirudi balizko erantzuleak polizia-funtzionariak direla, arrazoi batengatik edo besteagatik, zeharka edo zuzenean, 2006ko maiatzaren 4an polizia-operazio bat izango zenaren jakinaren gainean zeudela", azaldu dute epaileek.