Itxi

Gizartea

Gipuzkoan

Gizon batek ustez ama hil du labankadaz Lasarte-Orian

Erredakzioa

Ertzaintzak atxilotu du gaixotasun psikiatrikoren bat daukan gaztea. Udalak elkarretaratzea deitu du gaurko, 12:00etan.

48 urteko emakume bat hil da Lasarte-Orian; ustez bere semeak (gaixotasun psikiatrikoren bat daukana) hil egin du labankadaz. Ertzaintzak atxilotu du gizona, Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Ezbeharra 14:00ak aldera jazo da eta une horretan gazte bat bere ama kaletik kolpatzen ari zela esaten zuen abisua jaso du Ertzaintzak.

Patruila bat istiluak gertatzen ari ziren lekura joan da eta emakumea, ustez arma zuriz, larri zaurituta zegoela baieztatu du. Anbulantzia bat eskatu dute baina osasun-langileak heldu direnean ezin izan dute ezer egin.

Ertzaintzak jasotako lehenengo lekukoen adierazpenen arabera, semea eta amaren arteko liskarra etxean hasi da, baina erasoa, ordea, kalean jazo da. Hain zuzen ere, Zelaialde kalean.

Elkarretaratzea

Ana Urchueguia Lasarte-Oriako alkateak emakumearen hilketa gaitzetsi du eta elkarretaratze bat eta ezohiko osoko bilkura deitu ditu.

Komunikatu batean, elkarretaratzea gaur, 12:00etan, udaletxearen aurrean, izango dela azaldu du Urchueguiak. Gainera, otsailaren 22an premiazko ezohiko osoko bilkura egingo dute gertakaria gaitzesteko 11:00etan.

Eusko Jaurlaritzako Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak hilketa gaitzetsi du. "Emakumeen aurkako beste indarkeria kasu bat" dela uste du erakundeak, horregatik "erabat gaitzetsi du".