Mundua
Lurrikara
Haitin hildakoen kopurua 300.000ra iritsiko dela uste dute
Erredakzioa
Mexiko-CARICOM Goi-bileran emandako hitzaldian, Rene Preval presidenteak esan du hondakinak kentzerako 217.000tik 300.000ra igoko dela hildakoen kopurua.
Rene Preval Haitiko presidenteak aurreikusi du lurrikararen ondorioz hildakoen kopurua 300.000ra iritsiko dela hondakinak kentzeko lanak amaitzen dituztenean. Lurrikara indartsu batek Karibeko herrialdea jo zuen iragan urtarrilaren 12an.
Mexiko-CARICOM (Karibeko herrialdeen Komunitatea) Goi-bileran emandako hitzaldian, Rene Preval presidenteak esan du hondakinak kentzerako 217.000tik 300.000ra igoko dela hildakoen kopurua, izan ere, milaka dira eraitsita geratu diren etxeak.
Era berean, bizilekurik gabe eta lanik gabe geratu direnak milaka direla gogoratu du Prevalek, eta hori dela eta, nazioarteko laguntza ez dela bakarrik eraikinak birgaitzeko izango, baizik eta hondoa jo duen ekonomia berpizteko eta lanpostuak sortzeko ere erabiliko dutela.
Haitira bidaliko dituzten laguntzak izan dituzte hizpide hain zuzen ere Mexiko-CARICOM Goi-bileran, eta gai horixe jorratuko dute baita ere Batasunerako Goi-bileran, gaurtik aurrera Hegoamerikako eta Karibeko 32 herrialde bilduko dituen bileran, Mexikon.