Ekonomia
Ituna eolikoen inguruan
EAEko erakundeek parke eolikoak egiteko irizpideak bateratu dituzte
Erredakzioa
Arabako Aldundia izan da akordiotik kanpo geratzea erabaki duen bakarra. Itun horrekin, 14 parke eolikoren tramitazioa desblokeatu dute.
-
EAEko erakundeek parke eolikoak egiteko irizpideak bateratu dituzte. Argazkia: EITB
Bernabe Unda Industria sailburuak agerraldia egin du Legebiltzarrean euskal erakundeek parke eolikoen inguruan lotu berri duten akordioaren inguruko azalpenak emateko. Euskal Autonomia Erkidegoan parke eolikoak eraikitzeko irizpide orokorrak ezarri nahi dituzte aipatu itunarekin.
Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza, Turismo, Ingurugiro, Lurralde Antolakuntza, Nekazaritza eta Arrantza Sailek Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiekin, eta Eudelekin, sinatutako akordioa da. Arabako Aldundiko Ingurugiro Saila izan da itunetik kanpo geratu den bakarra, Gasteizko Gobernuak jakitera eman duenez.
Akordio horren bitartez, erakundeek hainbat konpromiso hartu dituzte: energia berriztagarriak ahalik eta gehien erabiltzea, inguru naturalak eta ekosistemak babestea, negutegi efektua eragiten duten gasen isuriak murriztea, energiaren kontsumoa gutxitzea eta eraginkortasuna bilatzea, eolikoak garatzea, Natura 2000 Sarean dauden eremuak bereziki zaintzea eta parke eolikoen jabegoan bertako eragileek parte hartzea.
Natura 2000 Sarea
Era berean, Natura 2000 Sarean egitekoak ziren parke eolikoei buruz gogoeta egitea exijitzen du itunak eta, oraingoz, bertan parke eolikorik ez jartzea proposatzen du.
Energia Eolikoaren Lurraldeko Plan Sektorialean agertzen diren kokalekuak, Natura 2000 Saretik kanpo daudenak, eta miniparke deritzenak, banan-banan aztertuko dituzte ingurugiroan duten eragina jakiteko, eta egokitasuna erabakitzeko.
Eusko Jaurlaritzak, energiaren garapenaren eta planifikazioaren gaineko eskumena duenak, Europar Batasunaren helburuak betetzeko asmoa agertu du, hau da, 2020rako EAEn kontsumitzen den energiaren % 20 iturri berriztagarrietatik lortzea.
14 parke eolikoren tramitazioa, abian
Eusko Jaurlaritzak 14 proiekturen tramitazioa desblokeatu du: hamabi miniparke eoliko Araban eta Bizkaian eta Ganekogortan (Bizkaia) eta Mandoegi (Gipuzkoa) airesorgailuak eraikitzeko bi proiektu.
Miniparkeak honakoak izango dira: Eltziego, Mañueta, Campeador, Cantoblanco, Motxotegi eta Zanpazu, Araban; eta Jata, Zierbenako kaia, Sollube, Atxuriaga eta Galdames, Bizkaian.
Gainera, Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi ditu Ordunteko (Bizkaia) eta Kolometako (Bizkaia-Araba) proiektu eolikoak.
Era berean, Natura 2000 Sareari eragiten dien beste lau kokaleku (Arabako Arkamo, Aldako Gurutzea eta Iturrieta Mendiak eta Gipuzkoako Gazume) aztertu egin beharko dituzte egokiak ote diren zehazteko.