Gizartea
Elkarrizketa ETB2n
A eredua euskararekin "sendotzeko" neurriak iragarri ditu Celaak
Erredakzioa
Hezkuntza sailburuaren ustez, ume guztiek "bi hizkuntza ofizialak" menperatzeko eskubidea dute DBH bukatzerakoan. Aldi berean, gaztelania, euskara eta ingelesa duen "eredu malgua, mistoa" babestu du.
Matrikulazio sistemak eragin dituen kritiken ostean, Isabel Celaa Hezkuntza sailburuak A eredua euskarazko edukiekin "sendotzeko" neurri multzoen berri emango duela iragarri du. Hitzordua Legebiltzarrean izango da hurrengo martxoaren 3an.
ETB2n eskainitako elkarrizketan, "sendotze" horren helburua zein den aurreratu du Celaak: "guztiek, A eredua aukeratu arren, euren seme-alabek bi hizkuntza ofizialak menperatuz DBH bukatzeko eskubidea" dutela.
Sailburuak zehaztu duenez, PPk soilik kritikatu du aurrematrikulazio sistema, 35.495 eskakizun eta 15 kexa besterik ez baitira egon eta "horietako lau ez dira hizkuntza ereduen ingurukoak".
"Demokratizazio"aren ikuspuntutik hezkuntza sistemak aurrepauso bat eman duelakoan dago Hezkuntza sailburua.
Eredu malgua eta mistoa
Ereduen eredu "hermetikoa" gainditzearen alde agertu da Celaa eta gaztelania, euskara eta ingelesa biltzen dituen "eredu malgu, misto" bat lortzeko apustua egin du.
DBH bukatzerakoan, ikasleak bi hizkuntza ofizialak menperatzen ez baditu, "sistemak tresna guztiak jarri ez" dituen seinale izango dela azpimarratu du sailburuak.