Itxi

Athletic Club

Europa League

Iraizoz (Anderlecht-Athletic): "Konfiantza behar dugu gure buruan"

Haritz Gallastegi

Lezama

Jokalari zuri-gorriek etxetik kanpo erakutsi duten sendotasuna baliatu gura dute Anderlecht kanporatzeko.

Athleticek hirugarren aldiz aldatu beharko du txipa astebetean. Futbolak horrelako gauzak ditu. Baina, horretarako, Europan dago lehiatu beharra. Athleticek gozatu egin du orain arte. Eta gozatzen jarraitu gura du.

Jokalariek jakin badakite gaitza izango dela kanporaketa irabaztea. Gutxienez gol bat egin beharko dute. Baina, ez da lehen aldia izango antzeko egoeran daudela. Young Boysen eta Tromsoren kontra ere antzeko egoeran egon zen eta bietan egin zuen aurrera. Horregatik daude konfiantzaz gainezka. "Gure buruan sinetsi behar dugu", esan du Gorka Iraizozek.

Atezainak argi dauka ez zaiola lanik faltako. Baina aurkariek ere gogor egin beharko dute lan defentsan. "Bi taldeok izango ditugu aukerak. Neurketa parekatua izango da", esan du atezain nafarrak.

David Lopezek, berriz, patxadarekin eta lasaitasunarekin jokatu behar dutela uste du. "Gol bat azkar sartzea oso ondo legoke, baina neurketak laurogeitahamar minutu irauten du. Ezin gara erotu".

Zuri-gorriak buru-belarri ari dira norgehiagoka prestatzen, baina ez dituzte zaleak ahaztu. Joaneko partidako istiluen ostean beldurtu egin da jarraitzaile bat baino gehiago. "Gu harro gaude eurekin. Zaleak Bruselara joatea oso ona da. Guretzat oso ona izango litzateke, baina argi dago azken erabakia eurena dela".

Lan saioari dagokionez, Javi Martinez normaltasunez entrenatu da eta prest dago taldera bueltatzeko.