Politika
Batasunaren hausnarketa
Patxi Zabaleta:"Batasuna ideologikoki Aralarri hurbiltzen ari zaio"
Erredakzioa
Ezker abertzalearen dokumentua izan dute hizpide Zabaletak, Jesus Eguigurenek, Txarli Prietok, Urkulluk eta Matutek. Gehienak eszeptiko agertu dira, baina batzuek elementu positiboak antzeman dituzte.
Ezker abertzalearen barne-hausnarketaren ondorioak biltzen dituen dokumentuak zeresana eman du gaur ere. Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak Euskadi Irratian esan duenez, dokumentu horrek "aurrera pausoa" suposatzen du eta Aralarrenganako "hurbiltze ideologikoa".
Nolanahi ere, azpimarratu du "hurbilketa ideologiko horrek oraingoz ez duela hurbilketa politikorik ekarri" eta, ildo horretan, gogoratu du bi alderdiek "aspaldi" ez dutela bilerarik egin.
Zabaletaren iritzian, ezker abertzalearen dokumentua "berri ona da", baina "beste urrats bat gehiago eman behar dute". "Zentro-eskuinean EAJ bezalako alderdi garrantzitsu bat dagoen moduan, ezker abertzale anitza beharrezkoa da, eta horra etorri behar dira Batasunak ordezkatzen duen ezker abertzaleko beste sentsibilitatea", azaldu du.
Txarli Prieto Arabako PSEko idazkari nagusiak Radio Euskadin esan du ezker abertzaleak "gaur bertan" erakutsi dezakeela "demokraziaren alde dagoela eta ETArengandik betirako banandu nahi duela". Gauzak horrela, atentaturik egon gabe ere gaitzespena ager dezakeela adierazi du. "Terrorismoaren kontrako gaitzespen argiak eskatzeko unea da", erantsi du.
Jesus Eguiguren PSEko presidenteak uste du Batasuna "trantsizio fase batean" dagoela, eta urtebete edo biren buruan ETA gaitzestera iritsi daitekeela. Dokumentuan esaten dena aintzat hartuta, bi aukera daudela ondorioztatu du Eguigurenek "ETA gelditzea edo Batasuna ETA gaitzestea".
Datozen udal eta foru hauteskundeetan parte hartzeko "urrats nahikorik eman ez" duela ere esan du.
Iñigo Urkullu EAJren presidenteak kritikatu du ezker abertzaleak gainerako alderdi guztiak "eztabaida publiko batean sartu" nahi dituela, baina "prozesu horrek eurei bakarrik eragiten die, euren prozesua da eta ez gainerakoena", azpimarratu du.
"Aurretik izan diren beste prozesu batzuetan laguntzen saiatu gara eta badakigu zelan ordaindu diguten; mundu horri ez diogu ezer zor", gaineratu du.
Hala ere, Urkulluk esan du eztabaida hori "ondo ateratzea" eta "mundu horretan ezer ez izatea berdina" itxaroten duela. Mundu guztiak espero duen determinazioa hartzen badute, "dena alda daitekeela" azpimarratu du.
Info7 Irratian egindako elkarrizketa batean, Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak adierazi du ezker abertzaleak egin duen "hausnarketa bide onetik" doala. "Euskal Herriko ezkerreko indarren metaketarako prozesua bultzatzeko apustua egiten du, aniztasuna onartuta eta inolako alderdirik baztertu gabe".
Gauzak horrela, Matutek nabarmendu du "eztabaidatzeko" eta "gure ideiak defendatzeko modurik egokiena artikulatzeko" unea iritsi dela.