Itxi

Radio Euskadi

'Boulevard'

Jaurlaritzak San Mames berriaren eraikuntza onetsi dezake laster

Erredakzioa

Blanca Urgell Kultura sailburuak dioenez, "gauzatxo batzuk ebatzi gabe daude oraindik, baina epe laburrean konponduko ditugu".

San Mames berriaren eraikuntzan Eusko Jaurlaritzak izango duen parte-hartzea laster adostu daiteke, Blanca Urgell Kultura saiburuak adierazi duenez.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, "ekimen gehienen inguruan instituzioen artean adostasuna " dagoela adierazi du Urgellek, "gauzatxo batzuk ebatzi gabe daude oraindik, baina epe laburrean konponduko ditugu".

San Mames berriaren erabileraren inguruan, "Jaurlaritzak eraikuntzan izan behar dituen erabilera publikoekin baldintzatu du bere parte-hartzea", adierazi du Urgellek.

Guggenheim Urdaibain

Urdaibaiko Guggenheimaren inguruan, Urgellek azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzaren ustez, eta kulturaren ikuspuntutik, "ez dirudi egokia Bilbon daukagun eta primeran dabilen museo bat errepikatzea".

Kultura sailburuak dudan jarri du museo berriaren eraikuntza nahikoa izatea Urdaibai ekonomikoki dinamizatzeko.

Urdaibain museo hori eraikitzearen arazoa marka dela ukatu du Urgellek eta "Bilboko Guggenheimarekin % 100ean" daudela ziurtatu du, kulturaren ikuspuntutik eta "turismoa erakartzeko izugarria" izan baita Euskadirentzat.