Itxi

Bertsolaritza

Saioa

Andoain eta Lezoko bertso saioak eta Nafarroako Txapelketa HHn

Erredakzioa

Prentsako erretratuak baliatuz, Ainhoa Agirreazaldegik bertso berriak jarri dizkio Haitiko lurrikarak gurean eragindako dardarari.

Asteon kilometro mordoa egin du bertso biltzen Hitzetik Hortzerak. Hasi, Andoainen hasi dira, Sahararen aldeko bertso saioan. Bertan Aitor Mendiluzek, Anjel Mari Peñagarikanok, Aitor Sarriegik, Iker Alustizak, Beñat Gaztelumendik eta Sustrai Colinak emandakotik onena aukeratu dute programarako.

Donostialdetik Sakanara. Etxarri Aranatzen Nafarroako Txapelketako lehenengo finalerdia ederra izan da eta bertako kronika prestatu dute. Julio Sotok batu ditu puntu gehien eta finalerako zuzenean sailkatu da. Estitxu Arozenak, Oskar Estangak eta Xabier Terrerosek ere badute aukera martxoaren20an Lesakan kantatzeko. Zendu berri den Juan Perurena gogoan izan dute Nafarroako Txapelketan eta Hitzetik Hortzerakoek ere artxiboko atala eskaini diote Goizuetan jaio eta Baztanen laketutako bertsolariari; Imanol Lazkanok eta biek 1991an Etxalaren egindako saio ederra berreskuratuz.

Etxarritik Baztanera eta Baztanetik Lezora. Lezon: Amets Arzallus, Jexux Mari Irazu, Sustrai Colina eta Beñat Gaztelumendi. Gai jartzen Saroi Jauregi eta puntuak jarriz -eta bertsolariak estu hartuz- Lezoko Mainontzi Bertso Eskolako ikasleak.

Ibilbideko paraje baztertuenera Ainhoa Agirreazaldegiri esker iritsiko da ikus-entzulea. Haiti astindu zuen lurrikarak eragindako barne inarrospena bertso jarrietan.

Ostegunean 22:00etan ETB3n, igandean 15:00etan ETB1en eta noiznahi eitb.comen.