Itxi

Gizartea

Fundatie Museoa

Van Goghen koadro baten egiazkotasuna baieztatu du Holandak

Erredakzioa

Rotterdameko Boyman Museoko zuzendariak margolana eskuratu zuen 1975ean, eta horrek Van Goghen lana zela defendatu zuen hasieratik.

Vincent Van Gogh inpresionismoko maisuaren koadro baten egiazkotasuna baieztatu dute Holandako adituek. Margolana 1886koa da eta Zwolleko (Holandako ekialdea) Fundatie Museoan dago.

Olioak 55 x 38 zentimetro ditu eta Blute-Fin haize-errota ikus daiteke bertan. Errota Pariseko Montmartre mendixkan zegoen eta orduan hiriburuko tokirik altuena zen. Artistentzat erreferentzia puntu bat zen Blute-Fin.

Dirk Hannema Rotterdameko Boyman Museoko zuzendariak margolana eskuratu zuen 1975ean, eta horrek Van Goghen (1853-1890) lana zela defendatu zuen hasieratik, Holandako komunikabideek jakitera eman dutenez.

Hala ere, Hannemak esperientzia gutxi zuen sektorean eta ez zuten sinestu. Horrela, koadroa urteetan zehar oharkabean pasatu zen eta 1984an Hannema hil zenean Fundatie Museoaren eskuetan geratu zen. Lehen ikerketak berehala jarri zituen martxan Fundatiek.

2007an, azterketa berri bat hasi zuten Amsterdameko Van Gogh Museoko adituek eta bi urte geroago lehen benetakotasun zantzuak aurkitu zituzten. Ikerketek arrazoia eman diote Hannemari, margolana topatu eta 35 urte geroago.