Itxi

Gizartea

Ekimena

Donostia, itsas ekimenen 2010eko europar hiriburua

Erredakzioa

Herritarren hainbat elkartek, eskola-umeek eta zenbait pertsona famatuk hondartzak garbituko dituzte, ingurumena eta, bereziki, ozeanoak zaindu behar direla adierazteko.

Surfrider Foundation Europe erakundeak Donostia izendatu du 2010. urteko ekimen ozeanikoen europar hiriburu. Herritarren mobilizazioaren arloko ekitaldi handiena da, eta horri esker, hainbat ekintza garatuko dira eta ozeanoen iraunkortasunarekin lotutako mezuak helaraziko dira mugaren bi aldeetan.

Elkarlanean, programa ekologiko bat garatuko dute San Joseko zubiko asteburuan (martxoaren 18tik 21era), hau da, gure kostaldean pilatzen diren hondakinak ezabatu eta kenduko dituzte. Ekimen horrekin batera zenbait kirol- eta musika-jarduera eta beste ekitaldi ludiko batzuk garatuko dira.

Itsasertzaren, ozeanoen, lakuen eta ibaien hauskortasunari buruzko ekintzak dira. Eskola-umeentzat eta herritarrentzat oro har dira, eta ekintza ekologiko erreflexuak ekarriko dituen kontzientzia hartzea lortu nahi dute.

Horretarako, garbiketa-ekintzak planteatzen dira hondartza, laku eta ibaiek beren jatorrizko itxura berreskura dezaten; itsasertzaren aberastasunaren eta hauskortasunaren inguruan hezteko eta erantzukizunez jokatzeko, baita gure ekintzek naturan duten ondorioen eta hondakinen jatorriaren inguruan ere; gure kostaldeko hondakinen inpaktu kualitatibo eta kuantitatiboa aztertzeko, eta herritarrek, komunikabideak, erakundeak eta abar alertan jartzeko.

Ekitaldi hau antolatzeko, Hautagaitzaren bulegoa partaidetza-prozesu baten buru izan da, eta hainbat elkarte eta erakunde ekitaldiarekin bat egitera animatu ditu, euren jarduera-proposamenen bidez, horiek elkarrekin ikustarazteko aukera ahalbidetuz, jarduera erkideak antolatuz eta dibulgazioari oinarria emanez.

Iazko edizioan 25.000 lagun inguruk parte hartu zuten mundu osoan burututako jardueretan. Antolakuntzak kopuru hori gainditzea aurreikusten du aurtengo edizioan, eta ekitaldia hasteko hilabete falta den honetan, 10.000 lagun inguruk berretsi dute parte hatuko dutela.