Reala
Arazoak Lasarterentzat
Reala: Gonzalezek ez du Huescan jokatuko
Ander Altuna
Zubieta
Zuntz hautsia du arrasaterrak. Labaka, Prieto eta Zurutuza ordea, deialdian sar daitezke. Lasartek esan du Gironaren kontra galdu eta gero garaipen gosea areagotu egin zaiela.
Ogirik nahi ez duenari, taloa. Mikel Gonzalez min hartuta dagoela baiezatu ostean atzeko lerroa osatzeko arazoak areagotu egin zaizkio Lasarteri. Arrasatearrak ziztada txikia nabaritu zuen atzo ezker iztar aldean, orain bi aste zuntz haustura izan zuen toki berean. Hori dela eta, ekografia egin diote gaur goizean eta medikuen oharrak dioenez, berriro lesionatuta dago. Ondorioz, Huescaren kontra ez ezik, Numantziaren kontrakorako ere baja izango da. Gonzalez eta Ansotegi izan ziren erdiko atzelariak Gironan, biak ala biak ukiezinak entrenatzailearentzat eta kokepen hori zeharo beharko du.
Txanponaren beste aldean, berriz, Labaka eta Esnaola ageri dira. Itxura guztien arabera, azpeitiarrak jokatzek modua izango du eta Lasartek Logroñon esandakoari eusten badio, Esnaolak jokatuko luke bere aldamenean.
Prieto eta Zurutuzari dagokionez bestalde, deialdian sar daitezke. "Entrenamenduan parte hartu zuten, ongi gainera. Lan karga handiagoa egin duenez, hobeto ikusten dut Xabi, nahiz Zurutuza ez dudan baztertzen", azaldu du Lasartek Zubietako prentsa aretoan.
Gironan galdu arren, uruguaitarrak ez du uste "larrituta" iritsiko direnik etziko lehiara. "Beste porrot batzuekin alderatuz, amorratuago ikusi ditut jokalariak", erantsi dio.
Bigarren mailako talderik eraginkorrena da Huesca. Kontrarioen atea gutxien zulatu duena da, baina, beste inork baino gutxiago hartu ditu. Horrek esan nahi du, beste inork baino errentagarritasun handiago ateratzen diela sartutako gol eskasei. Lasarterentzat, "kategoriako talde tipikoa da. Zaila, gogorra". Neurketa zatarra, lehiatua aurreikusten da, baina "hanka sartzearekin ez da nahikoa. Azpi-azpitik mugitu beharko dugu baloia, jokaldiak josi eta sortutako aukerak probestu", gaineratu du.
Teknikariaren ostean, Xabi Prieto agertu da hedabideen aurrean. Sasoiko dagoela esan arren, hamaikakoan sartzea goiztiarregia dela uste du."Ez nago hasieratik jokatzeko prest. Hala ere, bidaiatzea espero dut eta ea minutu batzuk jokatzeko aukera dudan".
Bihar burutuko du Realak partida aurreko azken saioa.