Politika
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Currin: "Gaitzespena eskatzen dute berritasunik ikusi ez dutenek"
Euskadi Irratia
Erredakzioa
Nazioarteko gatazketan aditua denak ezker abertzaleak hartu berri duen norabidea izan du hizpide eta salatu du "konfiantza eza" dagoela eta "jendea ez dela haien asmo onekin fidatzen".
Brian Currin nazioarteko gatazketan aditu eta bitartekari dena Errenterian izan zen atzo iluntzean eta hitzaldia eskaini zuen hirurehun pertsonaren aurrean.
Lehenago, baina, elkarrizketa eskaini zion Euskadi Irratiari eta bertan, Currinek ongi etorria egin dio ezker abertzaleak hartu duen norabideari. Bere iritziz, bake prozesua martxan jartzeko, alderdi abertzaleek bat egin beharko lukete eta ETAk su-etena eman.
Jardun armatuaren bidetik ez dagoela etorkizunik azpimarratu du Brian Currinek.
Currinek hainbat alderdiri egin dituzten kritikei erantzun die: "Ez dutela testua behar den bezala irakurri". "Indarkeriaren gaitzespen argia edo su-eten bat baino ez" dutela nahi.
Hego Afrikako abokatuak Madrila begira dagoela aitortu du, izan ere, Zapateroren Gobernuaren urrats bat espero du, prozesuak aurrera egin dezan.
Brian Currinek Euskadi Irratiari adierazi dionez, "norabide egokian mugimenduak daudela iruditzen zait. Zintzoki ulertu dute Euskal Herriko egoera politikoa aldatu behar dela, politika egiteko modu berri bat behar dela".
Gainera, abokatu hegoafrikarrak salatu du "konfiantza eza" dagoela eta "jendea ez dela haien asmo onekin fidatzen, eta horrek egoera zailduko du. Ezker abertzaleak ezin du urratsa bakarrik eman, besteek lagundu behar diote".
ETAren atentatu bat egongo balitz prozesuak zein bide hartuko lukeen galdetuta, Currinek adierazi du "ezker abertzaleko zuzendaritzak bonba horri emango dion erantzunaren arabera jakingo" dela, baina berak ez du "zalantzarik: prozesuak aurrera egin dezan erantzun irmo eta gogorra eman beharko diote".
Hori horrela, Currinek "pazientzia" eskatu die herritarrei: "Emaiozue denbora gehiago Batasunari lortu nahi duena lortzeko. Badakit lan gogorra egiten ari direla".