Politika
Eusko Legebiltzarra
Celaa: "Euskal Herria terminoari buruzko eztabaida artifiziala da"
Erredakzioa
EAJk eta PSEk ika-mika izan dute berriz ere euskara hizkuntza nagusia ez izateko eta Euskal Herria errealitate politikoa ez erabiltzeko proposatutako erreformaren inguruan.
Isabel Celaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak EAJri egotzi dio eztabaida "artifiziala" sortu izana Euskal Herria terminoaren inguruan, ikastetxe eta institutuetako kurrikulumen edukietan.
Arantza Aurrekoetxea legebiltzarkide jeltzaleak ezeztu egin du proposatutako erreformak epai judizialak bultzatuta egin dutenik, eta azpimarratu duenez, Euskaltzaindiaren arabera egokia da terminoa erabiltzea "zazpi probintziei" buruz aritzeko, beti ere errealitate politiko eta adimistratiboa argi utzita.
Aurrekoetxeak Euskadiko Eskola Kontseiluaren 2009ko abenduaren 18ko ebazpena jarri du mahaigainean; bertan Euskal Herria errealitate linguistiko eta kulturala dela esateaz gain, soziologikoa eta historikoa ere bai dela dio. "Ebazpen hau betetzeko asmoa duzue? Adostutako errealitateak mugatu nahi dituzue".
Celaak erantzun duenez, Euskal Herria "existitzen den zerbait da guretzat, Pirineoen bi aldetara dagoen euskararen lurraldea da. Aspalditik euskal sozialismoan barneratuta dagoen konbentzimendua da; entitate kulturala, linguistikoa, soziala eta historikoa da,eta hori da kurrikulumetan agertuko den edukia".
"Hori da zuek pentsatzen duzuena edo zenutena eta hori zioen EAJren Aitor Esteban ahaldunak Kongresuan". Celaaren arabera, berdin pentsatzen dute bi alderdiek eta, gaineratu duenez, "badirudi artifizialki eztabaidatzea bilatzen duzuela, gatazka artifizialak bilatzen dituzuela ematen du".