Itxi

Politika

Eusko Legebiltzarrean

Eusko Jaurlaritzak Emakunderi eman dizkio Defentsoriaren funtzioak

Erredakzioa

Ekonomikoki Emakunderen menpe zegoelako eta funtzio askotan erakunde biek eskumena zutelako desagertuko da Defentsoria. Emakumeak "babesik gabe" uzten dituztela uste dute EAJk eta Aralarrek.

Eusko Jaurlaritzak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsa Erakundea kendu eta bere funtzioak Emakunderen esku utziko dituen berri eman du gaur Patxi Lopez lehendakariak Legebiltzarreko kontrol saioan.

Eusko Jaurlaritza eta Emakunde artean hausnartutako proposamena, EAJren eta Aralarren luzatutako galderari erantzuten dio. 2005ean eratu zuten Defentsoria, esparru pribatuan emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunei aurre egiteko xedearekin.

Bai Amaria Arregi (EAJ) bai Aintzane Ezenarro (Aralar) Defentsoriaren "etenagatik" arduratu zeuden. Egoera hori gainera, Maite Erro bere zuzendariak kargua utzi zuenean larritu zen iragan abenduan. Parlamentarien aburuz, esparru pribatuan diskriminazio egoerak salatu dituzten emakumeak "babesik gabe" uzten dituzte.

Patxi Lopezek argi utzi du Defentsoria "babes sozial handiarekin" jaio zela, baina egitura aldetik arazoak zituen, ekonomikoki Emakunderen menpe zegoelako, azaldu du. Horrez gain, funtzio askotan erakunde biek eskumena zuten.

PPren babesa duela aurreratu du Lehendakariak eta gainontzeko alderdien babesa ere izatea nahiko lukeela adierazi du. Halaber, Arartekoaren, Emakunderen, Erroren eta Norvegiako edo Islandiako esperientziak aintzat izan dituztela baieztatu du.