Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Elkarbizitza kolokan, Alemanian

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Eztabaida bizia dago Alemania. Batzuen ustez, errefuxiatuak hartzen jarraitu behar du herrialdeak; besteen aburuz, atzerritarrei mugak itxi behar dizkiete. Ingurumaria horretan gertatu da Koloniakoa.

Urte Zahar gauean Kolonia eta Alemaniako beste hainbat hiritan gertatutakoak ondorio oso kezkagarriak izan ditzake. Horretxegatik, tentu handiz jorratu beharreko auzia da hau. Emakumeei sexu jazarpena egin zieten gizon talde antolatuak zeudela zalantzarik ez da, lapurreta egitearekin batera. Ez ziren isolatutako gertaerak izan, ordea, salaketa aurkeztu duten emakumeak ehundik gora baitira dagoeneko. Lekuko gehienek diotenez, erasotzaileek itxura arabiarra zuten. Hau da, jatorri arabiarra duten hiritar alemaniarrak izan daitezke erasotzaileak, edota, iaz, beste milioi bat errefuxiaturekin batera iritsitakoak dira. Hipotesi biak, agerikoa denez, Alemaniaren elkarbizitzarako oso kaltegarriak dira.

Hain zuzen ere, Angela Merkel kantzilerrak defendatzen duen moduan, Alemaniak errefuxiatuak hartzen segi behar ote duen, edota eskuin muturrak nahi bezala, atzerritarrei mugak itxi behar ote dizkieten eztabaida gori-gorian gertatu baitira eraso hauek. Eskuin muturraren probokazioa izan al da, alemaniarrak eta errefuxiatuak aurkari egiteko? Baina horrek esan nahi du badirela eskuin muturrari laguntza ematen dioten arabiarrak; eta hori, hein handi batean behintzat, sinesgaitza da.